Ekonomia -
Greziako krisia
Gobernuaren eta troikaren akordioa bozkatuko du Greziako Parlamentuak
Akordioaren alternatiba bakarra "porrota eta kaosa" direla esan du lehen ministroak telebista bitartez helarazi duen mezuan.
Erredakzioa
Lukas Papadimosen Gobernuaren eta troikaren arteko akordioa bozkatuko du gaur Greziako Parlamentuak. Ezinbestekoa da aldeko emaitza lortzea bigarren erreskatea abian jarri ahal izateko.
14.00tan hasiko da eztabaida ( 12.00 GMT), baina ez da gauerdira arte amaitzea aurreikusten.
Hiru gai daude eztabaidatzeke. Batetik, Gobernuaren eta bere zorraren hartzekodun pribatuen artekoa eta zorra barkatzea. Bestetik, bankuen birkapitalizazioa eta azkenik, laguntzak jasotzeko troikak eskatzen dituen doitze neurriak.
Atzo, Gobernua babesten duten alderdien buruzagiek (PASOK eta ND) boto-diziplina eskatu zieten euren diputatuei, eta egin ezean, apirilerako aurreikusi diren datorren hauteskundeetan zerrendetatik aterako dituztela mehatxu egin diete.
Azken egunetan, Gobernuko sei kidek dimisioa aurkeztu dute akordioren aurka azaldu ostean. Gainera, PASOK alderdiko hogei kidek eta NDko hamairuk publikoki esan dute ez dituztela neurriak babestuko.
Hala ere, Gobernuak testuaren oniritzia lor dezake, Ganberak dituen 300 eserlekutik, 190-200 arteko babesa baitu.
Papadimus lehen ministroak mezu batbidali zuen atzo gauean telebistan. Akordioaren alternatiba bakarra "porrota eta kaosa" direla ohartarazi du.
Baina troikak exijitzen dituen doitze neurriek protestak eragin dituzte, eta asteartean, ostiralean eta larunbatean, jarraipen handia izan duten greba orokorrakegin dituzte. Gaurko gainera, hainbat manifestaio deitu dituzte, horietako bat Syntagma plazan, Parlamentuaren parean, eta jendetsua izango dela aurreikusi dute.