Ekonomia -
Euskal sindikatuak
'Patronalarentzako botere gehiago, eta langileentzako gutxiago'
Azken erreforma honek aurrekoek hasitako "lan-baldintzen etengabeko degradazioarekin" jarraitzen duela salatu du. ELA sindikatuak, bestalde, langileen eskubideen kontra ''oso agresiboa'' dela esan du.
Erredakzioa
Gobernuak onartutako lan-erreforma "nagargarria" dela esan du LAB sindikatuak. Euren ustez, "patronalak lan-harremanetan duen boterea indartu egiten du" eta "langileena eta sindikatuena, murriztu".
Ohar baten bidez, LABek salatu egin du azken erreforma honek aurrekoek hasitako "lan-baldintzen etengabeko degradazioarekin" jarraitzen duela. Gainera "negoziazio kolektiboari bete-betean eraso egiten dio, enpresei lan hitzarmenetan adostutakoa ez betetzeko aukera emanda". ELA sindikatuak, bestalde, Gobernuak onartutako erreforma ''oso gogorra eta langileen eskubideen kontra oso agresiboa'' dela esan du. ''Negoziazio kolektiboari eraso izugarria egiten dio'', gaineratu du Mikel Noval ELA sindikatuko gizarte gaietarako ordezkariak.
''Lan munduko elementu guztiak ukitzen ditu. Langileen kaltetan erabateko desoreka dakar, Espainiako ultraeskuineko patronalak inoiz amestuko ez zukeena'', gaineratu du.