Ekonomia -
Aurrekontuen egonkortasuna
Administrazioaren gastuari muga jarriko dion legea onartuko du gaur
Ministroen Kontseiluak argi berdea emango dio Aurrekontuen Egonkortasunerako lege organikoaren aurreproiektuari, Diputatuen Kongresuan onartu baino lehen.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Administrazio Publikoen Aurrekontuen Egonkortasunerako eta Finantza iraunkortasunerako lege organikoaren aurreproiektua onartuko du gaur. Lege horren arabera, erkidegoek eta udalek gastuari mugak jarriko dizkiote eta zigortu egingo dira arau hausteak.
Hala ere, horren aurretik, Diputatuen Kongresuak gehiengo osoz onartu behar du legea; baina ez da arazorik izango, PPk gehiengo osoa duelako eta sozialisten babesa duelako.
Orain Mariano Rajoyren Gobernuari dagokio aurreproiektua idaztea. Helburu nagusia administrazio publikoen aurrekontuen egonkortasuna lortzea da, Espainiako ekonomiaren konfiantza indartzeko eta Espainiak Europako Batasunarekin duen konpromisoa betetzeko.
Horretarako, administrazioek oreka edo superabita lortu behar dute eta ezingo dute egiturazko defizita izan, salbuespenak salbuespen, 2020tik aurrera.
Ordura arte, Europako Batzordeak ezarriko ditu defizit helburuak, eta oraingoz % 4,4an dago jarrita 2012rako, baina zenbakia handiagoa izan daiteke ekonomiaren egoera txarra dela eta.
Defizita zuzentzeko neurriak betetzen ez dituzten administrazioek isunak ordainduko dituzte behin eta berriz egiten badute.
Araudi berriarekin, administrazioen zorra ezingo da BPGren % 60ra iritsi, aparteko egoeretan salbu, eta "erabateko lehentasuna" izango da zor publikoa.