Ekonomia -
'Gürtel' auzia
Camps eta Costa errugabe jo ditu epaimahaiak jantzien auzian
Ez du frogatutzat jotzen epaituek opariak jaso izana. Bi egun eman ditu epaimahaiak auzia eztabaidatzen.
Erredakzioa
Francisco Camps eta Ricardo Costa errugabe jo ditu epaimahaiak jantzien auzian. Epaiak ez du frogatutzat jotzen Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidente ohiak eta Ricardo Costa Valentziako PPko idazkari nagusiak 'Gürtel' tramarengandik opariak jaso izana. Epamaihaiaren ustetan, bi akusatuen eta 'Gürtel' auziko ustezko buruen arteko harremana ''komertziala zen solik''.
Bi egun eman ditu epaimahaiak auzia eztabaidatzen, eta aldeko bost botorekin eta kontrako lau botorekin jo dituzte errugabe bi akusatuak.Epaia osatzen zuten 21 puntuen artean, epaimahaiak frogatutzat jo ditu akusatuen aldeko zortzi puntu, eta ez frogatutzat jo ditu akusatuen kontrako beste hamar. Gainerako hiru puntuen inguruan ez dute iritzirik agertu, errugabe jo dituztelako. Zehazki, epaiak dio ez dagoela Campsek bere trajeak ordaindu ez izana frogatzen duen dokumentaziorik, eta, gainera, bere eskoltak behin eskuz ordaintzeko dirua utzi ziola.
Jose Tomas sastrearen adierazpena albo batera utzi dute, ''kontraesanengatik''. Bestalde, epaimahaiko kideetako gehienek baliozkotzat jo dituzte Generalitateko funtzionarioen adierazpenak. Epaiketan zehar Campsek eta Costak kontratu publikoak esleitzeko eskumenik ez zutela esan zuten funtzionario horiek.
Campsek irribarre batekin hartu du epaia, eta, entzun eta berehala, bertan zeudenak agurtu ditu. Climent epaileak aretoa hustu behar izan du, publikoaren oihu eta txalonengatik.
Epaileak berehala absolbitu ditu Camps eta Costa, eta datorren egunotan jarriko du idatziz erabakia.