Ekonomia -
Eurotaldearen bilera
'Espainiak ez du erreskaterik behar izango, erreformak egiten baditu'
Eurotaldeko Ekonomia ministroen bilerak defizita murrizteko denbora gehiago ukatu dio Espainiari. Halaber, lan-erreforma arintzeko eskatu dio Mariano Rajoyren Gobernuari.
Erredakzioa
Luis de Guindos Ekonomia ministroaren hitzetan, Espainiak ez du inolako finantza erreskaterik behar izango Mariano Rajoyren Gobernuak proposatutako erreformak gauzatzen baditu.
"Espainiak ez du inolako likidezia edo kaudimen arazorik", esan du gaur Espainiako Ekonomia ministroak Europako Ekonomia eta Finantza Kontseiluaren (Ecofin) bileraren ostean.
De Guindosen hitzetan, Gobernuak aurrekontua murrizteko proposatutako erreformak gauzatzen baditu "Espainiak ez du laguntzarik beharko".
Espainiak zor jaulkipenaren interesa jaistea lortu du gaur, seigarren aldiz jarraian, eta 2.506 milioi euro saldu ditu, epe laburreko letratan.
Hori horrela, Ekonomia ministroak esan du Espainiak "oraingoz" % 4,4ko defizitari eutsiko diola, eta hori aldatzea ez dagoela agendaren barruan.
Bruselak defizita murrizteko denbora gehiago ukatu dio Espainiari
Olli Rehn Batzordeko presidenteorde eta Gai Ekonomikoetako arduradunaren hitzetan, Espainiak ez du defizita murrizteko denbora gehiago izango, eta EBk ezarritako helburuak betetzeko eskatu dio.
Rehnek entzungor egin die Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroaren iradokizunei; Montorok aipatu zuenez, EBk berriz aztertu ahalko lituzke Espainiaren defizit helburuak (% 4,4 2012rako, eta % 3 2013rako).
Bestalde, Euroguneko Ekonomia ministroek lan-erreforma arintzeko eskatu diote Mariano Rajoyren Gobernuari, langabezia-tasaren "maila altu onartezinari" aurre egiteko, eta, 2012ko aurrekontuak ahalik eta arinen onartze aldera, defizitari eusteko beharrezko murrizketak zehazteko.