Ekonomia -

Konfiantza mailaren jaitsiera

S&Pren erabakia 'kolpe itzela' da Europako Banku Zentralarentzat

François Fillon Frantziako lehen ministroak esan du Standards & Poor's-en erabakia "espero zitekeen" albistea zela eta "dramatizatu gabe eta gutxietsi gabe" hartu behar dela.

Standard & Poor's kalifikazio agentziaren eraikina. Argazkia: Efe
Standard & Poor's kalifikazio agentziaren eraikina. Argazkia: Efe
Standard & Poor's kalifikazio agentziaren eraikina. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Standard & Poor's agentziak Euroguneko bederatzi herrialdeen zorraren kalifikazioa jaisteko hartu duen erabakia "sekulako kolpea da" Europako Banku Zentralarentzat. Eraginak Italiari "bereziki" eragingo diola uste du, herrialdearen birfinantziazio beharrak direla eta, Ewald Nowotny EBZren gobernuko kide eta Austriako Banku Zentralaren gobernatzaileak esan duenez.

"Arazo gehien izan ditzazkeen herrialdea" Italia izango den ala ez galdetuta, "neurri batean bai", esan du Nowotnyk.  "Urte honetan zehar Italiak birfinantziazio kopuru handia beharko du, baita bertako bankuek ere. "Egoera arruntetan egin daiteke, baina horrelako egoera zailetan arazo bat izan daiteke, eta agentziaren kolpe itzel honen alderdirik zailena Italiaren degradazioa izan daiteke", adierazi du.

S&Pren erabakia "espero zitekeela" esan du Frantziak

François Fillon Frantziako lehen ministroak esan duenez, Standars & Poor's kalifikazio agentziaren erabakia "espero zitekeen" eta ez da "ez dramatizatu, ezta gutxietsi behar ere". "Agentziek ez dute gure politika ezta gure agenda zehaztuko", esan du. Hala ere, Gobernutik "inoiz ez da krisiaren larritasuna ezkutatu", gaineratu du.

Frantzia eta Alemaniaren (AAA mantentzen du) arteko harremanen inguruan, "ez dago inongo arrazoirik harreman horiek aldatzeko", esan du Fillonek.

Kalifikazioak jaitsi ditu S&P agentziak

Standard & Poor's (S&P) kalifikazio agentziak Espainiaren zorraren maila jaitsi egin du ostiral honetan. Zehazki, bi maila egin du behera ('AA-'tik 'A'ra). Azken hiru urteotan hirugarren aldia da S&P agentziak Espainiaren kalifikazioa jaisten duena. Gobernuak esan du gogoan hartuko duela jaitsiera, eta ekonomiaren suspertzean tematuko direla. ''Iraganeko herentzia da, beste batzuk bezala'', esan dute Ekonomia Ministerioko iturriek.

Guztira, bederatzi herrialderen nota jaitsi du S&P agentziak, tartean Frantzia, Austria, Portugal eta Italiarena. Frantziak, Austriak, Maltak, Eslovakiak eta Esloveniak maila bat egin dute behera, eta Espainiak, Portugalek, Italiak eta Ziprek, berriz, bi.

Standard & Poor'sek kaleratu dituen azken nota hauekin, Frantziak AAA kalifikazioa galdu du, eta AA+ nota eman diote. Nicolas Sarkozy presidenteak krisi bilera deitu du Eliseoan.

Alemaniak kalifikazioa mantendu du

Alemaniak, Luxemburgok eta Finlandiak gehienezko kalifikazioa mantendu dute, baina 'Financial Times' egunkariak aurreratu duenez, Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsaren kalifikazioa jaistea ere erabaki lezake kalifikazio agentziak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea