Ekonomia -
Bederatzi herrialdek, behera
Espainiaren eta Frantziaren kalifikazioak jaitsi ditu S&P agentziak
Espainiak bi maila egin du behera ('AA-'tik 'A'ra), eta Frantziak, berriz, 'AAA' galdu du. Austria, Malta, Eslovakia eta Eslovenia puntu bat jaitsi dira, eta bi puntu Italia, Portugal eta Zipre.
Erredakzioa
Standard & Poor's (S&P) kalifikazio agentziak Espainiaren zorraren maila jaitsi du. Zehazki, bi maila egin du behera, 'AA-'tik 'A'ra. Azken hiru urteotan hirugarren aldia da S&P agentziak Espainiaren kalifikazioa jaisten duena. Gobernuak esan duenez, gogoan hartuko du jaitsiera, eta ekonomia suspertzean tematuko da. ''Iraganeko herentzia da, beste batzuk bezala'', esan dute Ekonomia Ministeriotik.Guztira, bederatzi herrialderen nota jaitsi du S&P agentziak, tartean Frantzia, Austria, Portugal eta Italiarena. Frantziak, Austriak, Maltak, Eslovakiak eta Esloveniak maila bat egin dute behera, eta Espainiak, Portugalek, Italiak eta Ziprek, berriz, bi.
''Gure iritziz, Europako buruzagiek azken asteotan aurrera eraman dituzten ekimenak ez dira nahikoa euroguneak bizi duen estres sistematikoa eteteko, eta gaurko erabakiak uste horren ondorio dira'', esan du agentziak.
Standard & Poor'sek kaleratu dituen azken nota hauekin, Frantziak 'AAA' kalifikazioa galdu du, eta 'AA+' nota eman diote. Nicolas Sarkozy presidenteak krisi bilera deitu du Eliseoan.
Behin betiko kalifikazioak kaleratu baino lehen, 'Financial Times' egunkariak informazioa aurreratu du, eta zabaldutako datu horien ondorioz, Pariseko burtsak % 0,11 egin du behera azken orduan. ''Egun balore segurua da Frantzia, eta bere zorra ordaindu dezake', esan du Valérie Pécresse Frantziako Gobernuaren bozeramaleak.
Alemaniak bere notari eutsi dio
Alemaniak, Luxenburgok eta Finlandiak gehienezko kalifikazioari eutsi diore, baina, 'Financial Times' egunkariak aurreratu duenez, Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsaren kalifikazioa jaistea ere erabaki lezake kalifikazio agentziak.
Eurogunea, arriskuan
Frantziak eta Austriak 'AAA' kalifikazioa galdu izanak eurogunearen aldi baterako erreskaterako fondoa jar dezake arriskuan.