Ekonomia -
De Guindosen hitzak zehaztuz
Erkidegoen autonomia ekonomiko eta politikoa defendatu du Montorok
Defizit-muga betetzen ez duten erkidegoak zigortzeko ''aukera'' mahai gainean jarri du ministroak, PPk agintzen duen erkidego autonomietako ordezkariekin egindako bileran.
Erredakzioa
Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoetarako ministroak uste du estatu deszentralizatu batek ez duela zertan xahutzailea izan behar, eta ez duela zertan defizita sortu behar. PPk agintzen duen erkidego autonomietako ordezkariekin egin duen bileran, defizit-muga betetzen ez duten erkidegoak zigortzeko ''aukera'' mahai gainean jarri du Montorok.
PPk kaleratu duen ohar baten arabera, bilera horretan erkidegoen autonomia ekonomiko eta politikoarekiko zein finantza arloko autonomiarekiko ''Alderdi Popularrak duen erabateko errespetua'' berretsi du Montorok. Orain egun batzuk De Guindos ministroak erkidegoen aurrekontuen inguruan egindako adierazpenak zehazten ditu horrela ministroak.
Era berean, zergen igoera erkidegoen eta udalen baliabideentzako pizgarri izango direla azaldu die Montorok PPko ordezkariei, eta, erkidegoek, bestalde, defizit publikoarekiko eta ''helburu hori lortzeko hartu beharreko neurriak hartzeko'' konpromisoa hartu dute.
Montorok ostegun honetan emango die batzarraren berri beste erkidegoei.
Zigorrak ezartzeko aukeraDefizit eta gastu-mugak betetzen ez dituzten erkidegoei zigorrak ezartzea aztertuko du Espainiako Gobernuak, iragan udan onartutako Konstituzioaren erreformaren baitan. Zehazki, defizit publikoaren muga gainditzen dutenei ekarpenik ez egitea edo ekarpenak blokeatzea aztertzen ari dira, Europar Batasunak aurreikusten dituen neurrien ildotik. Hala jakinarazi du Cristobal Montoro ministroak kazetariekin izandako solasaldian. Lege proiektu hori datozen asteetan eztabaidatuko da Kongresuan. 2002rako administrazio publikoetako defizita gehienez % 0,4koa izan dadin legez ezarri nahi du PPk.