Ekonomia -

Neurri ekonomikoak

Rajoyk aurrera atera ditu murrizketak Kongresuan, CIUren babesarekin

Ogasun ministroak aurreko gobernu sozialistari defizita faltsutzea egotzi dio. EAJk eta Amaiurrek neurrien aurka bozkatu dute.

Mariano Rajoy, Barne eta Justizia ministroekin. Argazkia: Efe
Mariano Rajoy, Barne eta Justizia ministroekin. Argazkia: Efe
Eztabaida bizia sozialisten eta popularren artean, murrizketen harira

01:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPren gobernuak bere lehen ekonomia neurrien paketea onartu du Kongresuan. CIUren babesa izan du eta gehiengo osoz onartu dituzte neurriak. Besteak beste, lan-errenta eta kapital-errentaren gaineko zergen igoera, funtzionarioen soldata izoztea eta 8.900 milioi euroko murrizketa.

197 boto alde, 138 kontra eta 4 abstentzio izan dira bozketan.  PFEZren eta higiezinen gaineko zerga bi urtez igotzea "behin behineko" erabakia dela berretsi du Ogasun ministroak.

Bozeramaile sozialistak, Jose Antonio Alonsok, PPk hauteskundeak baino lehen "zerga-doikuntza" hau ezagutzen zuela esan du eta "neurriak ezkutatzea" egotzi dio. Erreforma "bidegabekoa eta erregresiboa" dela esan du eta atzeraldian eta langabezian sakonduko duela adierazi du.

Bestalde, CIUk babesa eman die neurriei "koherentzia eta doitasun ekonomikoagatik". PFEZren igoerarekin bat egiten ez duten arren, behin behinekoa izatea espero dutela adierazi du CIUko bozeramaileak. Neurri hauek bost milioi langabeen kopurua gainditzea ekarriko dutela esan du Pedro Azpiazu EAJko bozeramaileak. Gainera, ez dutela defizitaren arazoa konponduko uste du.

Cayo Lara IUko koordinadoreak gogor kritikatu ditu neurriak eta zerbitzu publikoen eta enpleguaren aurka doazela adierazi du. Bestetik, erkidegoen gastua jaisteko neurririk ez hartzea egotzi dio Gobernuari Alvaro Anchuelo UPyDko diputatuak. ERCtik, Alfred Bosch bozeramaileak esan du, "lotsagarria" dela aurrekontu autonomikoak gainbegiratzea, "urte askotan zehar Kataluniak Espainia osoko fakturak ordaindu dituenean".

Amaiurren diputatuak, Xabino Cuadrak, neurriak "iruzur soziala" direla esan du eta "behartsuenak behartsuago" egiten dituela azaldu du.

Dekretu berri honekin, lan-errentaren gaineko zergen igoera % 0,75 eta % 7artekoa izango da eta higiezinen gaineko zerga % 4 eta % 10 bitartekoa izango da, higiezinaren prezioaren arabera.

Eraikuntzari %4 ko  BEZ supermurriztua mantentzen da eta gasolio profesionalari hobariak kenduko zaizkio. Ikerketarako diru-laguntzak 600 milioitan murriztuko dira eta 200 milioitan RTVE eta Renfeko aurrekontuak. Funtzionarioen lanaldia gainera, bi ordu eta erdi luzatuko da astean.

Alokairurako 210 euroko laguntza kentzea ere erabaki dute, eta soilik jada jasotzen dutenek izango dute.

Montoro: 'Demokraziaren aurrekontu-doitzerik handiena neurrizkoa da

Cristobal Montoro Espainiako Gobernuko Ogasun ministroak defizit publikoaren desbideraztea zuzentzeko, historiako aurrekontu-doitzerik handiena defendatu du eta "neurrizkoa" dela esan du. Gainera, krisia gainditzeko urgentziaren aurrean, "sakrifizioa" eskatu du.

Defizit publikoa zuzentzeko aurrekontuen urgentziazko neurrien lege-dekretuaren eztabaidan, Montorok esan du, PFEZ (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) eta higiezinen gaineko zergak igotzea "neurrizkoak" da, eta ez du gizarteko sektore "ahulenetan" eraginik izango.

Gobernuak autonomoei eta enpresari txikiei esfortzuak egitea baztertu duela esan du eta hauei zergak igotzea alde batera utzi duela. Gainera, hauen finantziazioa nola hobetu aztertzen ari direla azaldu du, enplegua sortzeko "eragileak" bilakatzeko.

Kongresuak onartuko duen neurri ekonomikoen lehen paketearen eztabaidaren buru izango da gaur Mariano Rajoy.

Montororen iritziz, krisi ekonomikoa "errotik" moztu behar duen erabakia da. PFEZren igoeraren inguruan, Gobernuak esfortzu bat eskatu duela defendatu du, batez ere, esfortzu hori egin ahal dutenentzat.

"Ez genituen zergak igo nahi, baina interes orokorrak horrela agindu du", esan du Montorok. "PFEZren igoerak 52 euroko errekargua dakar urtean 17.700 euro arteko errenta dutenentzat, eta 180koa 33.000 euro arteko errenta dutenentzat".

Gobernuak, defizitarekin betetzen ez duten erkidegoei zigorrak ezarri nahi dizkie

Aurrekontuen egonkortasunerako legeak (joan den udan onartutako Konstituzioaren erreforma garatuko du), defizitaren muga pasatzen duten erkidegoei zigorrak ezartzea aztertzen ari da Gobernua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea