Ekonomia -
Funtzionarioen murrizketak
Jaurlaritzak baja hartzen duten funtzionarioen soldata murriztuko du
Hala, lan-istripuagatik edo gaixotasun komunagatik, orain arte ez bezala neurtuko da soldata, eta lehenengo hiru egunetan % 50 soilik ordainduko da.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak EAEko Administrazioko 67.000 funtzionariori eragingo dien lan-baldintzen murrizketa onartu du gaur. Neurri horrekin, Jaurlaritzak 90 milioi euro aurreztu nahi ditu 2012an.
Hori horrela, Jaurlaritzak bertan behera utziko ditu 2012an borondatezko erretiroagatik ematen ziren sariak, errelebo kontratuei buruzko konpromisoak, jardunaldia murriztuta soldata murrizketarik ez izateko aukera eta 65 urte betetzen dituzten funtzionarioei lanaldia luzatzeko aukera.
Bajak
Era berean, Jaurlaritzak gaixotasun bajei lotutako gehigarrien taula onartu du.
Gertakizun arruntek eragindako aldi baterako ezintasunagatik ordaintzen den enpresa-osagarria hartzekoen % 100 arte osatuko da, gertakizunaren zioa honako kasu hauetakoren batek eragiten duenean: Amatasuna, aitatasuna, haurdunaldiagatiko arriskua, arriskua edoskitzaro naturalean, ospitaleratzea, ebakuntza kirurgikoa eta laneko gertakizunak.
"Lan absentismoaren kontra borrokatzeko", bertan behera geratuko dira behin behineko ezgaitasunagatik ematen ziren gehigarriak, Idoia Mendia bozeramaileak azaldu duenez.
Hala, lan-istripuagatik edo gaixotasun komunagatik, orain arte ez bezala neurtuko da gehigarria: Bajako lehenengo egunetik bajako hirugarren eguna arte, ordainsarien % 50 ordainduko da, urteko lehenengo baja denean, eta % 40, bigarren bajan. Ondorengo bajetarako, osagarria laugarren egunetik aurrera ordainduko da. Bajako laugarren egunetik hogeigarren eguna arte, osagarri bat ordainduko ordainsarien % 75 iritsi arte. Hogeita batgarren egunetik berrogeita laugarren eguna arte, osagarri bat ordainduko da, ordainsarien % 85 iritsi arte. Bajako berrogeita bosgarren egunetik aurrera, osagarri bat ordainduko da, ordainsarien % 100 iritsi arte.
Espainiako Gobernuak abenduaren 30ean funtzionarioen soldatak izoztea erabaki ostean onartu du dekretua Jaurlaritzak. Soldaten izozteak, oinarrizko izaera duenez, Estatuaren administrazio guztiei eragingo die, beraz, EAEko funtzionarioei ere bai.
Jardunaldiaren luzapena
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak txostena eskatu die zerbitzu juridikoei asteko lanaldia bi ordu eta erdiz luzatzearen inguruan, izan ere, Espainiako Gobernuak Estatu osorako onartutako neurria da hori.