Ekonomia -
Erkidegoetako aurrekontuak
Jaurlaritzarentzat 'autogobernuaren aurkako erasoa' da aurre-kontrola
Eusko Jaurlaritzak gastuen gaineko murrizketak onartzen ditu, baina, ohartarazi du ez duela ''mota horretako gidaritzarik'' onartuko bere aurrekontuetan.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzarentzat 'autogobernuaren aurkako erasoa' da Espainiako Gobernuak erkidegoetako aurrekontuen gainean ezarri nahi duen aurretiko kontrola. Jaurlaritzak ohartarazi du ez duela ''mota horretako gidaritzarik'' onartuko bere aurrekontuetan.
Ohar baten bidez, kritikatu egin dute asteazken honetan Luis de Guindos Ekonomia ministroak iragarritako legea. Martxoan abiatu nahi duten neurri berriarekin, erkidegoek Gobernu Zentralaren baietza beharko lukete beren aurrekontuak onartzeko.
Jaurlaritzak esan du onartzen dituela gastuen gaineko murrizketak, eta baita defizitaren eta zor publikoaren inguruan nazioarteko itunek ezartzen dituzten betebeharrak ere. Baina, azpimarratu du martxan jarri nahi duten neurri horrek ''onartu ezin den kontrolerako asmoa'' duela.
Gaineratu du ez duela bere aurrekontuen gainean mota horretako ''gidaritzarik'' onartuko, ''autonomia printzipioaren aurka eta kontzertu ekonomikoan ezarritako hainbat prozeduraren aurka doalako''.
''Ematen du aurrekontu publikoen desoreka erkidego guztiak zigortuz konpondu nahi duela PPren Gobernuak, kudeaketa arduratsua egin dutenak eta egin ez dutenak ezberdindu gabe. Azken hauen artean daude alderdi popularrak zuzendutako hainbat erkidego'', esan du Jaurlaritzak. Bere ustetan, ''erkidego guztiak zigortzea arduraz jokatu ez dutenak saritzea da''.