Ekonomia -
Neurriak
BEZa orain igotzea baztertu egin du De Guindosek
Ekonomia eta Lehiakortasun ministroaren arabera, langabezia da Espainiaren arazo ekonomiko nagusia, eta tasa horrek kolokan jartzen du Ongizate Estatua. Lan-merkatuaren erreforma lehentasuntzat jo du.
Erredakzioa
Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun ministroaren hitzetan, momentu honetan BEZaren igoera ez dago ''inolaz ere mahai gainean''. Ministroak gaineratu du lan-merkatuaren erreforma ''ezinbestekoa'' dela, eta, beraz, Gobernuaren ''lehentasunetako bat'' izango dela. De Gunidosek esan du langabeziari buruzko datu "txarrek" agerian uzten dutela Espainiaren arazo nagusia langabezia dela, eta Ongizate Estatua ere kolokan jartzen duela tasa altu horrek.
Ministerioko kargu batzuen zin-egite ekitaldietan, De Guindosek langabezia-tasaren azken datua izan du hizpide. Haren esanetan, agerian geratu da langabezia Espainiako gizartearen gaitza dela egun eta Espainiako ekonomiaren ahulgunea dela.
Hori dela eta, Gobernuaren politika ekonomikoaren funtsezko helburua egoera irauli eta enplegua sortzea eta epe ertain luzean hazkunde ekonomikoa lortzea izango dela azpimarratu du.
Helburu hori eskuratzeko, erreforma ekonomikoen epeak garrantzitsuak direla azaldu du, eta lan-merkatuaren erreforma jo du lehentasuntzat.