Ekonomia -

Gobernu Kontseilua

Gobernuak murrizketa handiak iragarri eta zergak igo ditu

8.900 milioi euro murriztuko da aurrekontua. Gainera, funtzionarioen soldatak eta gutxieneko soldata izoztuko dituzte eta langabeen 400 euroko laguntza luzatuko dute.

Krisiari aurre egiteko lehen neurriak iragarri ditu Rajoyren Gobernuak

02:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoyren Gobernuko Ministroen Kontseiluak hainbat murrizketa neurri eta zerga igoera onartu ditu gaur Estatuaren defizita murrizteko asmoarekin, izan ere, espero zutena eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak aurreikusitakoa baino handiago da.

Gobernu kontseiluaren ondoren, Luis Guindos Ekonomia ministroak, Cristobal Montoro Ogasun ministroak eta Fatima Bañez Lan eta Gizarte Segurantza ministroak agerraldia egin du. Haiekin batera egon da Soraya Saenz de Santamaria bozeramaile lanak egiten.

Santamariak Gobernuaren neurriak baldintzatu omen dituen albistearen berri emanez hasi du hitzaldia, hau da, urte amaierarako defizit aurreikuspena BPGren % 8 inguruan kokatuko dela, aurreko Gobernuak aurreikusitakoa baino % 2 gorago.

Horrek eragin du, Gobernuaren esanetan, murrizketak eta zergak igo behar izatea. Behartuta hartu omen dituzte neurriak espero ez zuen "aparteko egoera" baten aurrean daudelako.

Dena dela, denak ez dira murrizketak eta pentsioak % 1 haziko dira 2012an. Hazkunde hori erabakitzeko 2012rako KPIren aurreikuspenean oinarritu omen dira.

Gobernuko ministro berriek 8.900 milioi gutxiago izango dituzte aurrekontuetan, izan ere, Ministroen Kontseiluak 8.900 milioi euroko murrizketa egitea adostu du. 2011ko Aurrekontuen luzapenetik kenduko dute kopuru hori, 2012ko martxoa arte egongo baita indarrean.

Hala ere, Gobernuaren asmoa 2012an 16.500 milioi euro murriztea izango da.

Harridura gehien sortu duen neurrietako bat Gobernuak onartutako zerga igoera izan da, Rajoyk behin eta berriz esan baitzuen kanpainan ez zuela halakorik egingo. Gobernuak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga bi urtez igotzea erabaki du, lan errentetan eta "kapitalaren gainekoan bereziki" izango da igoera. Horrez gain, higiezinen gaineko zerga igoko dute eta kendu egingo dituzte gasolio profesionalagatik ematen dituzten sariak.

Horrenbeste kritika jaso duen Sinde Legeak ere izan du eragina Gobernuaren neurrietan, zeren Ministroen Kontseiluak kanon digitala kendu du, baina Jabetza Intelektualaren Batzordea sortuko du sortzaileen eskubideak defendatzeko.

Diru-sarrerarik jasotzen ez duten langabeek 400 euroko laguntza jasotzen jarraitu ahal izango dute otsailetik aurrera ere, orduan bukatzen da epea, baina Gobernuak sei hilabetez luzatuko du neurria.

Administrazio Publikoko funtzionarioei, berriz, izoztu egin dizkiete soldatak, espero zen moduan, eta lanaldia luzatu egingo diete astean ordu erdiz. Hala, astean 37,5 ordu lan egingo dute aurrerantzean.

Lana eta familia uztartzeko neurriei dagokienez, Ministroen Kontseiluak atzeratu egin du aitatasunagatik hilabeteko baja hartu ahal izateko aukera, Berdintasun Legean agertzen dena.

Etxebizitza alorrean, PPren Gobernuak egoki jo du ohiko etxebizitza erosteagatik zergak desgrabatzea. Neurriak 2011ko urtarrilaren 1a arteko atzeraregina izango du.

Alokairurako laguntza eskatzeko asmoa zuten gazteak, aldiz, beranduegi dabiltza, PPk 210 euroko laguntza kentzea erabaki du. Lau urteotan 22 eta 30 urte arteko 301.254 gaztek jaso dute laguntza hori, eta horiek diru-laguntza eskuratzen jarraituko dute, baina horien artean ez daudenek ezingo dute eskatu.

20 milioi inguru kontsumitzaileren elektrizitate tarifa izoztu egingo da urtarrileko berrikuspenean, baina gasaren tarifa arautua % 0,5 garestituko da.

Ministroen Kontseiluak alderdi politikoei, sindikatuei eta patronalari emandako diru-laguntzak % 20 murriztuko ditu datorren urtean eta horri esker, 85 milioi euro aurreztuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea