Ekonomia -
Greba Metro Bilbaon
Lehendakariak zentzutasunez jokatzeko eskatu die Metroko langileei
Lehendakariak greba eguna bertan behera uzteko exijitu die sindikatuei, eta garraio eskubidea bermatuko dutela ohartarazi du. San Tomas eguneko zerbitzu minimoak % 95 artekoak izan litezke.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzu handiak ezarriko ditu Metro Bilbaoko sindikatuek San Tomas eguneko (hilaren 21) grebari eusten badiote, herritarren garraio eskubidea bermatzeko.
Halaber, gutxieneko zerbitzuak urratzen dituzten langileei zigorrak ezarriko dizkietela gaineratu du.
Patxi Lopez lehendakariak agerraldia egin du gaur goizean, San Tomas eguneko greba hizpide, eta "zentzuz eta arduraz" jokatzeko eskatu die sindikatuei, hau da, 24 orduko lanuztea bertan behera uzteko eta lan gatazka negoziazioen, bitartekarien edo auzitegien bidez konpontzen saiatzeko.
PSEren Gobernua antzeko kasuak aztertzen ari da. Hori horrela, lehendakariak ohartarazi du badaudela % 95 arteko zerbitzu minimoen adibideak, eta epaileek oniritzia eman zietela.
"Bitarteko guztiak erabiltzea agindu diot Herrizaingo sailburuari, Metroko sabotajeak eta mehatxuak galarazteko", gaineratu du.
Abenduaren 21ean 350.000 erabiltzaile espero dira Bilboko Metroan. Izan ere, San Tomaseko azokaz gain, Athleticek Errege Kopako partida jokatuko du egun horretan.