Ekonomia -
Euroaren krisia
Merkel: 'Goi-bilerak euroguneko erreformarako funtsak ezarriko ditu'
Alemaniako kantzilerrak baieztatu duenez, merkatuen konfidantza berreskuratzeko erabakiak hartuko dituzte.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak astearte honetan baieztatu duenez, aste honetan izango den Europako goi-bileran eurogunea erreformatzeko oinarriak zehaztuko dira, merkatuen konfidantza berreskuratzeko asmoz. "Ostegunean eta ostiralean eurogunerako beharrezkoak diren erabakiak hartuko ditugu", adierazi du Merkelek Hamid Karzai Afganistango presidentearekin bildu ostean.
Merkelek azpimarratu duenez, bidea luzea izango da baina Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin dagoeneko adostutako ibilbide bera izango da. "Aurrera egiteko jorratu beharreko bidea da", esan du.
Standard&Poor kalifikazio agentziaren mehatxuari aipamena egiteari uko egin dio Merkelek. Honen esanetan, kalifikazio agentzia batek esaten duena bere erantzunkizuna izango da.