Ekonomia -
380 puntutik behera
Espainiako arrisku saria baretu egin da, zor-jaulkipenaren ondoren
3.750 milioi euroko zor jaulkipena egin du Altxor Publikoak; interes altuan egin behar izan du salmenta, baina merkatuek aurreikusitako mailatik (% 6) behera.
Erredakzioa
Espainiako arrisku saria jaitsi egin da Altxor Publikoak egindako zor-jaulkipenaren emaitza ezagutu bezain pronto. Altxorrak aurreikusitako goreneko kopurua saldu eta zorraren kostua mantentzea lortu du; ondorioz, arrisku prima 380 puntutik behera kokatu da.
Arrisku sariak, herrialdearen bonuak Alemaniakoekin alderatuta kalkulatzen den adierazleak, ia 400 puntutan hasi du eguna, baina enkantearen ondoren 377,6 puntutaraino jaitsi da eta errentagarritasunak % 6,06ra egin du behera. Saio bukeran 353 puntuko mailan kokatu da.
Bestalde, Ibex 35ek % 0,34 egin du behera. Gainerako Europako burtsek, halaber, beherakada txikiak izan dituzte.
Altxorraren zor-jaulkipena
Altxor Publikoak 3.750 milioi euroko zor jaulkipena egin du goizean hiru, lau eta bost urterako bonuetan. Beste behin, interes altuan egin behar izan du salmenta, baina merkatuek aurreikusitako % 6ko interes mailatik behera egin ahal izan du enkantea.
Erakundeak zorraren jaulkipena arrakastaz amaitzea lortu du, 2.750 milioi euro eta 3.750 milioi euro artean lortzea espero zuen, eta eskaria, hortaz, altua izan da beste behin, eta 10.200 milioi euroak gainditu ditu.
Erakunde horrek 1.200 milioi euroko jaulkipena egin du Estatuko hiru urterako bonuetan, % 5,02ko interesarekin, eta 1.400 milioi lau urterakoetan, % 5,28ko interesarekin.
Bost urterako bonuetan, berriz, 1.150 milioi euroko jaulkipena egin du, % 5,56n. Altxorrak,beste behin, interesa igo behar izan du zorra saltzeko, baina analistekaurreikusitako % 6ko mailatik behera egitea lortu du.