Ekonomia -
Euroaren krisia
Munduko banku zentral nagusiek likidezia injektatu dute merkatuetan
EBZren, FEDen eta Japoniako, Kanadako eta Suitzako bankuen neurriak sistema finantzarioari likidezia injektatzea du helburu.
Erredakzioa
Nazioarteko banku zentral nagusiek dolarretan eta eurotan likidezia injektatzea adostu dute sistema finantzarioari laguntzeko eta merkatuetako tentsioak murrizteko, Europako Banku Zentralak (EBZ) jakinarazi duenez.
Europako Banku Zentralarekin batera, AEBetako Erreserba Federalak (FED), Kanadako, Erresuma Batuko, Japoniako eta Suitzako bankuek adostu dute ekintza "nazioarteko sistema finantzarioari likidezia emateko beren gaitasuna handitzeko".
"Ekintza horien helburua merkatuetako tentsioak murriztea da eta tentsio horien ondorioak leuntzea, herritarrei eta enpresei emandako maileguen eskaintza handitzeko eta ekonomia suspertzeko".
Neurria ezagutu bezain laster burtsek gora egin dute; Ibex 35ek % 3,96 egin du gora; Frankfurtekoak, % 4,98; Milanekoak, % 4,38; Parisekoak, % 4,22; eta, Londresekoak, % 3,16. Wall Streetek, halaber, saio hasiera ona izan du eta % 3,47 egin du gora.
Arrisku sariek neurriari modu positiboan erantzun diote, eta behera egin dute.
Espainiako arrisku sariak 395,1 puntuko mailan kokatu da % 6,23ko errentagarritasunarekin; atzo 406 puntutan bukatu zuen. Italiakoak, halaber, behera egin du eta saioa 474,1 puntuko mailan bukatu du. Belgikakoak 272,5 puntutan eta Frantziakoak 111,1 puntutan bukatu dute.
Bestalde, AEBetan 206.000 lanpostu sortu dituztela ezagutu da gaur eta horrek ere eragin positiboa izan du merkatuetan.
Likidezia gehiago
Banku zentral horiek 50 puntutan jaitsi dituzte dolarren likideziaren ("swaps") trukea.
Hori horrela, tasa berria OIS (Overniht Index Swap) tasa gehi 50 puntukoa izango da abenduaren 5eraino egiten diren operazioetan, eta 2013ko otsaileraino luzatuko dira operazio horien ondorioak.
Halaber, Erresuma Batuko, Japoniako eta Suitzako bankuek, zein EBZk likidezia dolarretan ematen jarraituko dute beren operazioetan hiru hileko epemugan.