Ekonomia -
Diru-merkatuen erreakzioa
Rajoyren garaipenak ez ditu burtsen galerak saihestu
Ibex 35ek % 3,48 egin du behera eta arrisku saria 464 puntuko mailan kokatu da. Euroguneko zorraren krisiaren inguruko zailtasunek ezkortasuna zabaldu dute merkatuetan. Jarraitu burtsaren bilakaera.
Erredakzioa
Espainiako burtsak % 3,48 egin du behera, eta 8.000 puntuko mailatik hurbil gelditu da, besteak beste, nazioarteko burtsen beherakadak eta zorraren merkatuaren arazoek eraginda; izan ere, baliteke Frantziako kredituaren nota jaistea eta AEBetan arazoak dituzte defizita murrizteko plana onartzeko.
Hauteskundeen osteko lehen egunean, arrisku saria 464 puntuko mailara heldu da, eta Ibex 35 indizeak % 3,48 egin du behera, 8.021 punturaino helduta; urteko zortzigarren beherakada handiena eta azaroko handiena izan da. Urteko galerak % 18,64koak dira, guztira.
PPk atzo hauteskunde orokorretan gehiengo osoa lortu arren, Espainiako burtsak beheraka hasi du saioa.
Halaber, Europako gainerako burtsek ere behera egin dute: Londreseko burtsak % 2,3 egin du behera; Frankfurtekoak, % 3,05; eta Parisekoak, % 3,11.
Saio negatiboa
Espainiako burtsako indize nagusia, Ibex 35, indartsu izan da beheraka. Alderdi Popularraren garaipenak ez du burtsak lasaitzea lortu, selektiboa eguerdian % 1,97 jaitsi da, zorraren krisiaren inguruko kezkek eraginda, batik bat.
12:00etan, selektiboak 165,20 puntu galdu ditu eta 8.145eko mailan kokatu da, hala % 1,92 egin du atzera.
Europako Batzordeak asteazkenean aurkeztuko duen eurobonuen proiektuaren xehetasunak ezagutu nahi dituzte. Alemaniak kontra egingo duela aurreikusten da, eta ondorioz, inbertitzaileen ezkortasuna indartu egin da.
AEBetan, berriz, defizitaren murrizketaren inguruan adostasunak lortzeko errepublikanoek eta demokratek dituzten zailtasunak direla eta Wall Streetek ere saioa beheraka hasiko duela aurreikusten da. Europako gainerako burtsei dagokienez, Milangoa % 2,8 ari da jaisten, Frankfurtekoa eta Pariskoa % 2,45 eta Londreskoa % 2,07. Arrisku saria goraka
Espainiako arrisku saria 464 puntura igo da eguerdian, bezperan baino 23 puntu gorago kokatu da.