Ekonomia -

Krisia eurogunean

Zor publikoaren krisiak aurrez aurre jarri ditu Alemania eta Frantzia

Bi estatuak ez dira ados jartzen Europako Banku Zentralaren paperaren inguruan. Parisek EBZK zorra erostea nahi du, baina Berlin aurka dago.

Angela Merkel eta Nicolas Sarkozy, artxiboko irudi batean. EFE
Angela Merkel eta Nicolas Sarkozy, artxiboko irudi batean. EFE
Angela Merkel eta Nicolas Sarkozy, artxiboko irudi batean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espekulatzaileen presioa areagotzen ari da eurogunean, eta Europako Banku Zentralak (EBZ) krisian zeregin garrantzitsua eduki gabe jarraitzen du.

Frantziak EBZk Estatuei zor publikoa erostea nahi du, baina Alemania aurka dago, Angela Merkel kantzillerrak berak aitortu duenez.

Kontinente Zaharra aurrekaririk gabeko krisian dagoen eta euroa kolokan dagoen honetan, EBZk Alemaniaren aginduetara jokatzen duela dirudi, adituen ustez.

Orain arte, EBZren jarrera hori gobernuak murrizketak ezartzera behartzeko erabili dute, baina krisia hedatzen ari da, "Europako bihoitzeraino".

Hori horrela, Valerie Pecresse Frantziako Gobernuko Aurrekontu ministroak ohartarazi du EBZk euroaren egonkortasuna bermatu beharko lukeela.

Testuinguru honetan, inbestitzaileak ez dira Europarekin fio, Alemania ez beste ekonomiak kinka larrian baitaude.

Ondorioz, Europako erdiguneko estatuak (Frantzia, Belgika, Austria) ere erasoak pairatzen hasi dira aste honetan, emaitza arrisku sariak eta bonoen interesak igotzea izanda.

Jesus Torquemada adituaren esanetan, "Frantzia ikusten ari da zer datorkion, bere arrisku saria ere nabarmen ari da igotzen eta une honetan Parisi bere zorraren finantziazioa Berlinen ia bikoitza kostatzen zaio. Horregatik Frantziako Gobernua aldaketa eskatzen hasi da Europako Banku Zentrala jokatzen ari den paperean eta modu masiboan Europako herrialdeetako zorra erosi dezala nahi du."

"Haustura sortzen ari da, beraz, itxura batean sendoa zirudien Frantziaren eta Alemaniaren arteko aliantzan", gaineratu du.

Kezka Alemaniako zorrarekin

Bestalde, Jean-Claude Juncker Luxenburgeko lehen ministro eta Eurotaldearen presidenteak uste du "kezkagarria" dela "Alemaniaren zor maila handia", Bonn General Anzeiger egunkariak jasotako adierazpen batzuetan agertzen denez.

"Alemaniak Espainiak baino zor handiagoa du. Baina hemen inork ez du jakin nahi", adierazi du Junckerrek.

Espainia erreskate gunean

Espainiak 3.562 milioi euroko zor jaulkipena egin du hamar urterako bonoetan, baina interes tasak 1997az geroztik gainditu gabeko mailara igo behar izan ditu. Hau da, merkatuen presioa dela eta % 7,088ko interesean saldu behar izan du zorra.

Altxorraren enkantea amaitu bezain pronto, Espainiako arrisku sariak, 500 puntuko maila hartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea