Ekonomia -
Espainiako ekonomia
Gobernuak hazkunde aurreikuspena murriztu eta % 0,8an kokatu du
Ekonomiaren Estatu idazkariak aitortu duenez, Gobernuak ez du % 1,3ko hazkundeko aurreikuspena beteko. Jose Manuel Campak azaldu duenez, hazkunde ahul honek enpleguaren sorkuntza galgatu du.
Erredakzioa
Jose Manuel Campa Ekonomiaren Estatu idazkariak gaur aitortu duenez, aurten ez dute Gobernuaren hazkunde-aurreikuspena beteko eta egungo ziurgabetasun egoera ikusita, hazkunde tasaren aurreikuspena % 1,3tik % 0,8ra jaitsi du.
Horrela azaldu da Campa komunikabideen aurrean egindako agerraldian, 2011ko hirugarren hiruhilabetean administrazio publikoen gastuen doitzeak bultzatuta, Espainiako ekonomiaren hazkundea % 1,1 jaitsi dela zabaldu ostean. Gainera, eraikuntzan izandako inbertsioa murriztu da eta % 1,9 egin du behera.
Campak azaldu duenez, Espainiako ekonomiaren hazkunde ahulak enpleguaren sorkuntza galgatu du. Hala ere, ekonomia doitzeko prozesua "norabide onean" doala azpimarratu du.
Elena Salgado buru den Sailak zabaldutako zenbaki berria Europako Batzordeak aste honetan aurkeztutako zenbakietara hurbiltzen da. Datu hauen arabera, litekeena da Espainia % 0,7 haztea.
Bestalde, Campak nabarmendu duenez, 2011ko defizit publikoa % 6 murriztuko da, "baldintzarik gabeko lehendabiziko helburua" delako. "Administrazio Zentralak beteko du, duda izpirik gabe", adierazi du Campak. Zentzu honetan, gainontzeko administrazioek hartu beharreko erantzunkizunak gogoratu ditu.