Ekonomia -

Zor publikoaren krisia

Merkatuen presioa herrialde bideragarrienetara ere hedatu da

Zorraren krisia Frantziara, Belgikara eta Austriara ere iritsi da dagoeneko. Espainia, erreskate mailetan.

Espainiako arrisku saria 455 puntuan kokatu da. EFE
Espainiako arrisku saria 455 puntuan kokatu da. EFE
Espainiako arrisku saria 455 puntuan kokatu da. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espekulatzaileek beste kolpe bat eman diete astearte honetan Espainiari eta euroguneko herrialde bideragarrienetako batzuei, eta ondorioz, haien arrisku sariek marka historikoak gainditu dituzte.

Zor publikoen krisia Frantziara, Austriara eta Belgikara hedatu da, eta euroguneko 17 herrialdeetako 12 eragiten die jada.

Hori horrela, Espainiako burtsak % 1,61 egin du behera astearte honetan, eta 8.300 puntuko maila galdu du.

Europako gainerako burtsa nagusietan ere galerak izan dira nagusi, Londresen izan ezik: % 0,3 egin du gora horrek. Parisekoak galera handienak izan ditu, % 1,7. Italiakoa % 1,2 jaitsi da eta Frankfurtekoa % 0,7.

Europako krisiaren konponbidearen inguruko zalantzak izan dira nagusi, eta horrek eragina izan du Espainiako arrisku sarian; ondorioz, Espainiako arrisku sariak euroa indarrean jarri zutenetik inoiz izandako mailarik baxuena harrapatu du, eta burtsak galtzen jarraitu du.

Espainiako arrisku saria 455 puntuan kokatu da. Dena dela, ez da kasu bakarra. Belgikaren, Frantziaren, Austriaren, Herbeheren eta Finlandiaren arrisku sariek ere marka historikoak gainditu dituzte, inbestitzaileek Alemaniako zorra erostea nahiago baitute.

Bruselak ez du ezer egin 'rating' agentzien aurka

Bestalde, Europako Batzordeak atzera egin du eta ez die rating agentziei EBk erreskatatutako herriei (Grezia, Irlanda edo Portugal) edo nazioarteko laguntza planak negoziatzen ari diren herriei buruzko notak argitaratzea debekatuko.

Eztabaida luze baten ostean, Michel Barnier Finantza Zerbitzuetako arduradunak agentzia horien kontrola indartzeko egindako proposamen gehienak leundu dituzte komisarioek, nahiz eta behin eta berriro errepikatu duten euroguneko zorraren krisiaren eragileak direla.

Besteak beste, komisarioek krisian dauden herrien kalifikazioak bi hilabetez bertan behera uzteko botereak ukatu dizkiote Merkatuen Europako Agintaritzari. Barnierren hitzetan, "ezegonkortasunari ezegonkortasuna gehitzea saihestea" zen helburua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea