Ekonomia -

Krisia, Italian

Berlusconik Italiako lehen ministro kargutik dimititu du

Igandean Gobernu berria osatuko da, astelehen goizean, finantza merkatuak irekitzen direnean, Exekutibo berria izateko. Helburu nagusia, Europar Batasunak exijitutako neurriak martxan jartzea da.

Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa. Argazkia: EFE
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa. Argazkia: EFE
Italiako diputatuen Ganberak Aurrekontuen Legea onartu du

01:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak dimisioa aurkeztu dio Giorgio Napolitano Errepublikako presidenteari, Estatuko Buruzagitzak aditzera emandakoaren arabera.

Ohar horretan iragartzen dutenez, Napolitanok arauak jarraitu eta "erabakia gordeko du" (hau da, dimisioa onartzen duen ala ez), eta bihar Estatuburuak alerdi politiko eta Italiako kargu goren guztiekin kontsultak egingo ditu".

Lau agintalditan lehen ministro karguan izan ondoren, Berlusconik aurreko egunetan emandako hitza bete du: Diputatuen Ganbarak 2012ko Aurrekontuen Legea onartu ondoren dimisioa aurkeztea. Lege horretan Europar Batsunak Italiariexijitutako neurri ekonomikoak daude.

Dimisioa iragarri ondoren, Errepublikako egoitzaren aurrean bildutako ehundaka pertsonak txaloka eta oihuka hasi dira, pozaren pozez. Horrez gain, Berlusconiren kontrako oihuekin jarraitu dute ("bufoia", "mafiosoa" edo "etxera esan diote) eta topa egiten hasi dira, dantza egiteari utzi gabe.

Manifestari ugari zeudenez, Berlusconi Quirinaleko bigarren ate batetik atera da bere etxera, Grazioli jauregira, joateko.

Gobernu berria

Napolitanok igandean bertan hasiko ditu kontsultak, goizeko 9:00etan. Renato Schifani Senatuko presidentea eta Gianfranco Fini Diputatuen Ganbarakoa hartuko ditu lehenengo. Horien ostean, Parlamentuko taldeetako bozeramaileekin bilduko da eta, ondoren, Errepublikako presidente emerituekin.

Baliteke igandean bertan Gobernu berria osatzea eskatzea Napolitanok. Horrela, astelehenean merkatuak martxan jartzen direnean, Italiak Exekutibo berria izango du Europar Batasunak exijitutako neurriak aplikatzeko.

Aurreko egunetan zabaldu denez, Napolitanok Mario Monti Europar Batasuneko komisario ohiak zuzendutako Gobernua aukeratuko du. Oraindik argi ez dagoena Gobernu horrek izango duen iraupena da.

Politiko bakarra, teknokraten artean

Mario Monti teknokratez osatutako Gobernua prestatzen ari da eta Gobernu horretan politiko bakarra egongo litzateke: Giuliano Amato lehen ministrio ohia eta Alderdi Demokratikoko kidea. Amato Kanpo Arazoetako ministroa izango litzateke.

Montiren zerrendan dauden beste batzuk dira Guido Tabellino Bocconi Unibertsitateko Ekonomia irakaslea, hau Ekonomia ministroa izango litzateke; Carlos Secchi eurodiputatu ohia eta Ekonomia irakaslera hau ere, Garapen ministroa izango litzateke; eta Lorenzo Ornaghi Milaneko Unibertsitate Katolikoko errektorea. Azken hau Hezkuntza ministroa izango litzateke.

Horrez gain, Monti Cesari Mirabelli jurista sartzea pentsatzen egongo litzateke Justizia ministroa izateko, eta Enzo Moavero, beste jurista bat, ministroen kontseiluko idazkariordea izango litzateke, hainbat iturrik Agi albiste agentzia italiarrari aditzera eman diotenaren arabera.

2012ko aurrekontuak, onartuta

Italiako Diputatuen Ganberak 2012ko Aurrekontuen Legea onartu du larunbat honetan. Lege horretan Europar Batasunak exijitutako erreforma ekonomikoak daude. Hurrengo pausoa Silvio Berlusconi lehen ministroak dimisioa aurkeztea da. Italiako hedabideen arabera, dimisio hori 20:30ean iragarriko du Il Cavalierek.

Neurriek 380 diputaturen aldeko botoa jaso dute. Alderdi Demokratikoko kideek, hala ere, ez dute botazioan parte hartu. Berlusconiren Askatasunaren Herria alderdiak lehen ministroa txalotu du Berlusconi Ganberan sartu denean eta "Silvio! Silvio!" oihuekin hartu dute, bere dimisioaren atarian.

Handik gutxira, Berlusconiren alderdiko diputatuek "Traidore!" hitzekin hartu dituzte larunbat honetan bertan alderdia utzi eta Talde Mistora pasatu diren diputatuei. Horiek izan ziren asteartea Berlusconik gehiengoa galarazi eta bere dimisioa aurkeztuko zuela iragartzea eragin zutenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea