Ekonomia -
Italiako krisia
Lagardek erreformekin konpromisoa eskatu dio Italiari
Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari kudeatzaileak Europar Batasuneko kide guztien nahia "egonkortasun ekonomikoa" izatea dela nabarmendu du.
Erredakzioa
Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendari kudeatzaileak larunbat honetan Tokion azaldu duenez, Italiako egoera "nabarmen hobetzeko" giltzarriak sinesgarritasuna eta erreformak era "sendoan" aplikatzea dira.
Jun Azumi Japoniako Finantza ministroarekin izandako bileraren ostean, ekonomialariak esan du Italiak gehien behar duena "argitasuna eta sinesgarritasuna" direla bere egoera "argitzeko", eta Europar Batasunak urriaren 26an eta 27an egindako goi-bileran iragarritako erreformen bidez hango ekonomian eragina izatea, gaineratu du.
Lagardek adierazi duenez, Italiak duen arazoa ezin da Irlandak, Portugalek edo Greziak dutenarekin alderatu, azken horiek beste "zailtasun mota batzuk" dituztelako. Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari kudeatzaileak Europar Batasuneko kide guztien nahia "egonkortasun ekonomikoa" izatea dela nabarmendu du.
Mario Monti Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren ordezko izateko aukeren inguruan, Lagardek Europako komisario ohia "pertsona benetan trebea" dela adierazi du, eta harekin beti "hizketaldi emankorrak eta sakonak" izan dituela gaineratu du.