Ekonomia -

Italiako Parlamentua

Berlusconik dimisioa aurkeztuko du, murrizketa neurriak onartu ostean

Italiako lehen ministroak Giorgio Napolitano Errepublikako presidentearen esku jarriko du bere kargua EBk eskatutako lehen erreforma ekonomikoak onartu ostean.

Silvio Berluzconi artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Silvio Berluzconi artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Berlusconik dimisioa aurkeztuko du, murrizketa neurriak onartu ostean

01:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak Giorgio Napolitano Errepubllikako presidentearen esku jarriko du bere kargua EBk eskatutako lehen erreforma ekonomikoak onartu ostean. Aurretik, Italiako lehen ministroak 2010eko Estatuko aurrekontuak onartzea lortu du Behe-ganberan, baina ez du gehiengo osoa lortu (316 diputaturen botoak lortu ditu) eta Gobernuaren egonkortasuna kolokan utzi du.

Agirian azaltzen denez, Berlusconi "arduratua dago EBko itxaropenei erantzun zehatzak emateko larritasunagatik, eta 2012ko aurrekontuak onartu behar izanagatik".

"Izapide hori beteta, Gobernuko presidenteak bere kargua utziko du", prentsa agiriaren arabera. Ildo horretan, hauteskunde aurreratuak deitzearen alde agertu da Berlusconi, baina hori Napolitanok egin behar duela gaineratu du.

Gehiengo osoa galdu du

Berlusconik 2010eko aurrekontuak aurrera ateratzea lortu du, baina zentro ezkerrreko oposizioaren abstentzioari esker, gehiengo absolutua galdu ostean. 'Il Cavaliere'k 630 eserlekutik 308 boto lortu ditu. La7 telebista katearen arabera, Berlusconiren Pueblo de la Libertad alderdiko hamaika diputatuk ez dute aldeko botoa eman.

Botoa eman ez duten diputatuak eman dutenak baino gehiago izan dira (309 diputatuk parte hartu dute eta 321k ez dute parte hartu). Pierluigi Bersani oposizioko alderdi Demokratako buruaren hitzetan, Italiako Gobernuak jada ez du gehiengo osoa.

Berlusconik "elkartuak jarraitzeko" beharra luzatu die bere aliatuei "zer egin" erabakitzeko gehiengo osoa galdu ostean. Lehen ministroa Umberto Bossi Liga Norteko buruarekin, Roberto Maroni Barne ministroarekin eta Giulio Tremonti Ekonomia ministroarekin bildu da botazioaren ostean, urtarrilean hauteskunde aurreratuak deitzea edo Napolitanori dimisioa aurkezten dion erabakitzeko. Besteak beste, Bossi lagun minak "alde batera egiteko" eta Angelino Alfano PDL alderdiko idazkari nagusia lehen ministro izendatzeko eskatu dio botazioa baino lehen.

Halaber, Gianni Letta Presidentziako idazkariordearen edo Mario Monti Europako komisario ohiaren izenak entzun dira.

Ignazio La Russa Defentsa ministroaren hitzetan, 'Il Cavalierek Errepublikako presidentearekin hitz egin beharko du orain.

Dimisioa

Europar Batasunak zorraren krisia dela eta Italiari egindako presioak eta PDL alderdian dagoen tentsioak eraginda, Ipar Ligak (Exekutiboaren aliatu nagusia) lehen ministroari dimititzeko eskatu diola kaleratu zuen atzo "La Republica" egunkariak. Silvio Berlusconik, berriz, zurrumurru horiek gezurtatu egin zituen, eta "oinarririk gabekoak" zirela adierazi zuen.

Gaur, Pierluigi Bersani oposizioko alderdi Demokratako buruak Berlusconiren dimisioa eskatu du; izan ere, agerian gelditu da Behe-ganberan ez duela gehiengoaren laguntza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea