Ekonomia -
Krisia Grezian
Papandreuk konfiantza mozioa gainditu du Greziako Parlamentuan
Greziako lehen ministroak koalizioko Gobernua osatzeko deia egin du, eta larunbat honetan Carolo Papulias herrialdeko presidentearekin bilduko da horri buruz hitz egiteko.
Erredakzioa
Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroaren Gobernuak Atenaseko Parlamentuan konfiantza mozioa gainditu du, Filippos Pechalnikos Ganberako presidenteak jakitera eman duenez.
Bozketa estu batean, Greziako lehen ministroak aldeko 153 boto jaso ditu, aldiz, 145 kontra izan ditu. Bi diputatu ez dira bozketara azaldu.
Greziako krisi politikoa aste honetan hasi zen Papandreuk erreferendum bat deituko zuela esan zuenean, Euror Batasunaren goi-bilerak urriaren 26an hitzartutako laguntzen inguruan; baina azkenean erreferenduma baztertu egin behar izan du, bere alderditik eta kanpotik ere jaso duen presioa dela eta.
Papandreuren berria besteak beste, Europako buruen artean ez zuten ondo hartu eta ikara sortu zuen burtsetan, erreferendumean boto negatiboa espero baitzuten; horrek Greziaren porrota ekarriko luke.
Doitasun neurri gogorren truke, Greziari Europako gainerako kideek eta Nazioarteko Diru Funtsak 130. 000 milioi euro emango dizkiote, eta herrialdeak zor duenaren erdia hartzekodun pribatuei emango diote.
Papandreuk koalizioko Gobernu bat osatzeko deia egin du
Yorgos Papandreu Greziako Gobernuko buruak ostiral honetan koalizioko Gobernu bat osatzeko deia egin du, eta Greziako Gobernuak indartsu mantendu behar duela gaineratu du Euparen laguntza onartzeko.
Bere lehentasuna ez dela kargua mantentzea nabarmendu ostean, lau alderdirekin harremanetan jarriko dela azaldu du, eta larunbatean Carolo Papulias Greziako presidentearekin bilduko dela administrazioaren balizko bat-etortzearen inguruan hitz egiteko.
Erreferenduma
Papandreuk aste honetan proposatutako erreferendumaren alde egin du, bere ustez, greziarrek euren etorkizuna erabakitzea hobe izango litzatekeelako. Baina azkenean erreferenduma baztertu egin zuen, kanpo eta barne presioengatik.
Erreferendum horrek herritarrei erreskate plana onartu edo ez esateko aukera ematen zien; Greziako lehen ministroaren arabera, hori "lehentasun nazionala" da "segurtasuna" emango diolako herrialdeari.