Ekonomia -
Krisia Grezian
Kolokan dago Papandreuren etorkizuna
Atzo alde askotatik entzun ziren dimisio eskariak eta zurrumurruek zioten hala egingo zuela. Dena dela, ez zen halakorik gertatu eta lehen ministroak konfiantza mozioari egin beharko dio gaur aurre.
Erredakzioa
Kolokan dago Papandreuren etorkizuna
Atzo alde askotatik entzun ziren dimisio eskariak eta zurrumurruek zioten hala egingo zuela. Dena dela, ez zen halakorik gertatu eta lehen ministroak konfiantza mozioari egin beharko dio gaur aurre.
Yorgos Papandreu lehen ministro greziarraren etorkizuna kolokan dago eta lanak ongi egin beharko ditu Parlamentuan egingo duten konfiantza moziotik bizirik ateratzeko. Gaur gauerdian izango da bozketa eta dimisio hotsak entzun badira ere, badirudi lehen ministro izaten jarraituko duela Papandreuk konfiantza mozioaren bozketa arte gutxienez.
Papandreuren arazoa da bere alderdiko (Pasok) diputatu guztiak ez dituela alde, izan ere, atzo bertan diputatu batzuk esan zuten ez zeudela ados Gobernuak hartutako norabidearekin.
Hala ere, azken orduotako joerak (erreferenduma bertan behera uztea eta oposizioarekin elkarrizketa abiatu eta batasun nazionaleko gobernua osatzeko asmoa) lasaitasuna eraman du berriro alderdira.
Pasok alderdiak 160 diputatu lortu zituen Parlamenturako 2009an, baina sei kanporatu egin dituzte Gobernuaren austeritate planaren kontra bozkatzeagatik, eta beste bik haien kabuz utzi dute kargua.
Oposizioko alderdi nagusiak, ND kontserbadoreak, 91 lortu zituen hauteskundeetan, baina bidean sei galdu ditu.
Bi Papandreuren Gobernuari babesa emateagatik kanporatu zituzten, eta gainerako lauak zatitutako alderdi batera Joan ziren.
Papandreuk 151 diputaturen babesa behar du konfiantza mozioa gainditzeko. Bere alderdikoen babesa ez dago ziurtatuta, baina Elsa Papadimitriu independenteak adibidez, lehen ministroaren aldeko botoa eman duela iragarri zuen.
Gainera, atzo alde askotan entzun ziren lehen ministroaren dimisioa eskatzen zuten ahotsak eta Atenaseko hedabide askotan zabaldu zen lehen ministroak dimisioa emateko asmoa zuela zioen zurrumurrua, baina ez da halakorik gertatu eta konfiantza mozioa bozkatu arte gutxienez karguan jarraituko duela ematen du.