Ekonomia -

Zorraren krisia

Papandreuk gehiengo absolutua galdu du

Erreferendumak zatiketa sortu du Greziako Gobernuan. Yorgos Papandreu lehen ministroak premiazko gobernu bilera deitu du.

Yorgos Papandreu, Greziako lehen ministroa. Foto: EFE
Yorgos Papandreu, Greziako lehen ministroa. Foto: EFE
Yorgos Papandreu, Greziako lehen ministroa. Foto: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroak ezohiko Ministro Kontseilua deitu du, Gobernuak bihar bozkatuko den konfiantza mozioari begira gehiengo absolutua galdu eta gero. Izan ere, bi diputatu sozialistak Gobernua babestuko ez dutela adierazi dute azken orduetan.

Egoera honen aurrean Papandreuk premiazko gobernu bilera deitu du.

Eva Kaili diputatu sozialistak Twitter sare sozialean erreskate planaren inguruko galdeketaren kontra dagoela azaldu du eta biharko mozioan ez duela Gobernua babestuko aurreratu du.

Elena Panarito parlamentariak ere, nahiz eta talde sozialista ez utzi, Gobernua ez duela babestuko jakinarazi du, ondorioz, lehen ministro greziarra mozioari aurre egiteko babesik gabe geratu da.

Desertzio hauekin, PASOK gobernu taldea Parlamentuko 300 eserlekuetako 150ekin geratu da. Ezohiko gobernu bileraz gain, PASOKek ere bilera deitu du gaurko.

Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak diseinatutako erreskate planaren inguruan Papandreuk iragarri duen galdeketak barne oposizioa indartu du. Plan horrek hain zuzen Greziari zorraren erdia barkatzea jasotzen du, baina murrizketa neurri are zorrotzagoak exijitzen dizkio trukean.

Galdeketak Greziako Gobernua zatitu du

Ebangelos Venizelos Ekonomia ministroak Grezia eurogunean gelditzea edo ez galdetzearen kontra agertu da. "Grezia euroan egotea lorpen historikoa da eta ezin da galdeketa baten mende jarri", adierazi du Venizelosek goizaldean.

Venizelosen hitzek agerian utzi dute galdeketak Atenasko Gobernuan eragin duen zatiketa. Atzo, hain zuzen, gai hori aztertu zuten Frantziako presidenteak, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Yorgos Papandreu lehen ministro greziarrak.

Hiru agintariek izandako bileraren ostean, Angela Merkel kantzilerrak prentsaren aurreko agerraldian adierazi zuenez, galderak argi utzi behar du "Greziak euroan jarraitu nahi duen ala ez".

Papandreu Greziako lehen ministroak telebista kate batean egindako adierazpenetan azaldu zuenez, galdera hauxe izango da: "Eurogunean jarraitu nahi dugu ala ez? Hori da erronka". Europako agintariei "azkartasuna" eskaini diela baieztatu du lehen ministroak eta litekeena galdeketa abenduaren 4an egitea dela jakinarazi du.

Grezia ezingo da Eurogunetik irten EBtik irten gabe

Grezia ezingo da Eurogunetik irten Europar Batasunetik (EB) irten gabe, Lisboako Itunak horrela jasotzen duela adierazi du Europako Batzordeak Greziak iragarritako erreferendumaren harira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea