Ekonomia -

Zorraren krisia

Berlusconik ezohiko ministro kontseilua deitu du

Gobernuak hainbat bilera deitu ditu Europako Batzordeari hitz emandako neurriak adosteko. Besteak beste, kaleratzeak erraztu nahi dituzte eta erretiro adina 65 urtetik 67 urtera atzeratu nahi dute.

Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa ekitaldi batean. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako prentsak dioenez, ministroen kontseiluaren helburua datorren azaroaren 3an eta 4an izango den G20ren bileran garapena bultzatzeko programa aurkeztea da.

Giorgio Napolitano italiar Errepublikako presidenteak, bestalde, enpresariekin, sindikatuekin eta oposizioko hainbat liderrekin Gobernuari zorraren krisiaren aurrean neurri "zehatzak" martxan jar ditzan presio egiteko bilerak egingo ditu eta Berlusconik Europako Batzordean aurkeztutako neurriak martxan jartzeko Parlamentuaren babesik lortzen ez badu "alternatibak" zeintzuk diren aztertuko dutela aurreratu du La Repubblica egunkariak.

Oposizioak hain zuzen, "larrialdi" Gobernua deitzeko eskaera egin zuen joan den astelehenean, koalizio Gobernua, Silvio Berlusconiren alderdiaren eta Ipar Ligaren arteko borrokak tarteko, krisiaren kontrako neurriak adosteko gai ez dela argudiatuta.

Silvio Berlusconik gaur gauerako deitu duen bileran parte hartuko dute Giulio Tremonti Ekonomia ministroak, Paolo Romani Garapenekoak, Roberto Calderoli Lege Sinplifikaziokoak, Francesco Nitto Justiziakoak eta Altero Matteoli Azpiegiturakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea