Ekonomia -

Krisia eurogunean

Baliteke abenduan egitea Papandreuren galdeketa

Europako agintariak eta burtsak dardarka daude. Izan ere, Greziako herritar gehienak euroguneak inposatutako murrizketen aurka daude.

Papandreu. EFE
Papandreu. EFE
Erreferendumaren ideiarekin aurrera jarraitzen du Papandreuk

01:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroak berretsi egin du, ezohiko Ministro Kontseilu batean, euroguneko erreskateari buruzko herri-galdeketa deitzeko erabakia, eta adierazi du hori mezu argia izango dela greziarrek eurogunean jarraitu nahi dutela erakusteko.

Bileran, Greziako Gobernuak babestu egin du lehen ministroaren plana, Elias Mossialos bozeramaileak iragarri duenez.

"Galdeketa lehenbailehen izango da, euroguneak erreskate planaren gutxieneko oinarriak ezarri eta gero", azaldu du.

Elias Mossialos Barne ministroa zehatzagoa izan da: "Baliteke urtarrila baino lehen egitea, abenduan seguru aski".

Ministro batzuek alde egin dute bart egindako bileratik, aurka daudela adierazteko, baina halere babesa agertuko diote Papendreuri konfiantza mozioaren bozketan.

Papandreuk herri galdeketa loteslea deitu nahi du, euroguneak eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) adostutako erreskate planari buruz.

Plan horren arabera, Greziari 100.000 milioiko zorra barkatuko (guztira 330.000 milioi zor ditu) eta diru gehiago emango diote, gastu premiazkoenak ordaindu ahal izateko (azaroko soldatak, kasu), baina trukean Atenasek murrizketa mingarri gehiago egin beharko ditu.

Galdeketaren iragarpenak ezustean harrapatu ditu Europako agintariak, baina baita Evangelos Venizelos Greziako Finantza ministroa ere bai. Nolanahi ere, Papandreuk esan du euroguneko buruzagiek bazekitela galdeketa egiteko asmoa duela.

Iragarpenak munduko burtsetan ere izan zuen eragina atzo. Adibidez, Japoniakoak -% 1,78 egin zuen behera; Greziakoak -% 6,92; Frankfurtekoak -% 5,5; Wall Streetek -% 2,48 eta Espainiakoak -% 4,19. Krisian barrena, Atenasko Parlamentuak Gobernuaren aurkako konfiantza mozio bat eztabaidatuko du gaur. Papandreuren Exekutiboak gehiengo osoa dauka, baina diputatu bakar bateko aldeaz, hainbatek aurka egin baitute.

Greziako herritar gehienak Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta NDFk inposatutako murrizketa planaren aurka daude. Izan ere, langabezia % 16ra igo du, greziarren erosteko ahalmena murriztu du eta atzeraldia sakondu egin du.

Testuinguru honetan, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzillerra Greziako agintariekin batzartuko dira gaur Cannesen (Frantzia). Bertan, G20 taldeak bilera egingo du bihar eta etzi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea