Ekonomia -
Greziako erreferendumagatik
Astearte beltza Europako burtsetan
Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroak Euroguneak lortutako akordioaren inguruko erreferenduma egitea proposatu ostean Europako burtsa guztiak nabarmen behera egin dute.
Erredakzioa
Espainiako burtsak, Ibex 35ak % 4,19 egin du behera, urteko seigarren beherakada handiena, eta arrisku saria 375 puntutan gelditu da.
Greziako Gobernuak erreferendum bat egitearen erabakiak Europako burtsa guztiak astindu ditu.
Pariseko burtsak % 5, 38ko beherakadarekin amaitu du eguna.
Okerragoa izan da Grezian eta Italian. Milango burtsak erorketa historikoa izan du eta % 6,80 jaitsi da. Atenaseko burtsak berriz, % 6,92ko beherakada izan du.
Iragarpenaren ostean, erreskate plana mantentzeko eskatu dio Europak Greziari. Europar Batzordeko presidenteak, Jose Manuel Durao Barrosok, eta Europako Kontseilukoak, Herman Van Rompuyk eurogunearekin hartutako konpromisoak betetzeko eskatu diote Greziari.
Bestalde, Alemaniako kantzilerrak, Angela Merkelek eta Frantziako presidenteak, Nicolas Sarkozyk, Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Europako beste kideekin batera "ahalik eta azkarren bidai orri bat" ezartzeko eskatu diote Greziari; eurogunean hartutako konpromisoa betetzeko.
Wall Streetek ere behera egin du
Wall Streetek % 2,48ko beherakadarekin amaitu du eguna Industrietako Dow Jones-ean, bere indize nagusia. AEBetako empresa preziatuenetariko hogeita hamar enpresa biltzen dituen indizeak, 297,05 puntu galdu ditu 11.657,96 unitateetan amaituz.