Ekonomia -
Bigarren erreskatea
Erreskate neurrien inguruko erreferenduma proposatu du Greziak
"Akordioa onartu ala ez" erabaki behar du herriak erreferendumean, adierazi du Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroak. "Herriak ez badu onartzen, orduan ez da aplikatuko", erantsi du agintariak.
Erredakzioa
Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroak Euroguneak lortutako akordioaren inguruko erreferenduma egitea proposatu du: Greziako krisiari irtenbidea emateko herrialdearen zorraren % 50 kentzea. Halaber, Parlamentuan konfiantzazko botoa ezarriko dutela gaineratu du.
Parlamentuko bere alderdikide sozialisten aurrean emandako hitzaldian, Papandreuk azaldu duenez, une honetan herriak erabaki behar du erreferendum baten bitartez "akordioa onartu ala ez". "Herriak ez badu onartzen, orduan ez da aplikatuko", azaldu du agintariak.
Horregatik, greziarrei "abertzaletasuna" praktikan jartzeko eskatu die, eta ez botoa emateko "besteek erabakitzeko, berak erabitzeko baizik".
Greziako lehen ministroaren hitzetan, Gobernuaren kudeaketa Parlamentuko konfiantzazko botoan ezarriko du. Hori gainditu egingo luke Parlamentuko 300 diputatuetatik 151ren aldeko botoa jasoko balu.
Oposizioaren babesa
Lehenen ministroak, oraingoz arrakastarik gabe, oposizioaren babesa eskatu du bai doitasun estrategiarako baita asteazkenean onetsitako egitasmorako ere, Greziari zor duen kopuru osotik 100.000 milioi euro barkatzen baitzaizkio, doitze eta aurrezte politika baten truke.
Zentzu horretan, adierazi du oposizioari behin eta berriz esan diola babesteko Euroguneko akordioa Parlamentuak berretsi dezan, 180 botoren gehiengoa lortuta.