Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Azpeitiko Corrugados enpresak 130 langileen kaleratzea iragarri du
Zuzendaritzako hiru kide kaleratu ditu dagoeneko eta hemendik gutxira Enplegu Erregulaziorako Espediente bat aurkeztuko du. Enpresa Batzordeak langileentzako baldintzarik onenak bilatuko ditu.
Erredakzioa
Uztarria.com webguneak jakinarazi duenez, Azpeitiko Corrugados enpresak Enplegu Erregulaziorako Espediente bat aurkeztuko du eta honen barnean, 130 langile kaleratuko ditu.
Erregulazio Espedientea aurkezten duen unetik, hilabeteko epea izango dute zuzendaritzak eta langileek akordio bat lortzeko. Adostasunik ez baldin badago, Eusko Jaurlaritzako Lan Ordezkaritzak horren gainean erabakiko du.
Ordezkari sindikaleko iturriek jakitera eman dutenez, kaleratzeak aurreikusita zeuden. Hala ere, haren lehentasuna izango da kalean geratzen direnentzako baldintza onenak lortzea. Halaber, Enpresa Batzordeak adierazi duenez, funtsezkoa da bideragarritasun plan bat abian jartzea, bestela, enpresaren itxiera nahitaezkoa izango da. Datozen asteetarako mobilizazioak deitu dituzte.
Corrugados enpresak 400 langile inguru ditu eta altzairuaren galdaketa landuta, barrak ekoizten dituzte.