Ekonomia -
EBko langabezia datuak
Euroguneko langabeziaren igoeraren buru jarraitu du Espainiak irailean
Eurostat, Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoaren datuen arabera euroguneko herrialdeetan langabezia hamarren bat igo da irailean, Espainian berriz, lau hamarren igo da.
Erredakzioa
Euroguneko herrialdeetan langabezia hamarren bat igo da irailean, % 10,2raino. Espainian, berriz, lau hamarren igo eta % 22,6ra iritsi da. Euroguneko langabezia-tasa handiena duen estatua izaten jarraitzen du, beraz.
Europar Batasunean, langabezia % 9,2koa izan da irailean, abuztuko datua baino hamarren bat gehiago.
Eurostat Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoaren arabera, Europar Batasunean irailean 23,2 milioi pertsona zeuden lanik gabe; horietatik 16,19 milioi, euroguneko herrialdeetan.
Europar Batasuneko herrialdeen artean, langabezia tasa txikienak Austrian (% 3,9), Herbehereetan (% 4,5) eta Luxenburgon ( %4,8) daude Tasarik altuenak berriz, Espainian ( % 22,6), Grezian (% 17,6) eta Letonian (% 16,1) daude.
Urtebeteko datuak hartuz gero, igoera hamarren batekoa izan da irailean eurogunean eta Europar Batasunean.
Espainiako ekonomiak ez du hazkunderik izan hirugarren hiruhilekoan
Bestalde, Espainiako Bankuak jakitera eman duenez, Espainiako ekonomiak ez du onera egin hirugarren hiruhilekoan, uztaila eta iraila bitartean ez baitu hazkunderik izan..
Urtez urteko hazkunde tasa berriz % 0,7an mantendu da , Espainiako Bankuaren azken txosten ekonomikoaren arabera.
Geldialdia eskaera nazionalari egozten zaio, azken hiruhilekoan % 0,7 jaitsi baita, eraikuntzako inbertsioaren kontrakzioa dela eta, eta gastu publikoaren jaitsieragatik.
Barne kontsumoak “ahul” jarraitzen du, eta uztaila eta iraila bitartean hamarren bat bakarrik igo da.
Bestalde, kanpo-sektoreak hiruhilekoaren hazkundeari zortzi hamarren gehitu dizkio, ondasunen esportazio eta turismoaren bultzadarengatik.