Ekonomia -
Europar Batasuna
Greziako banketxeak dira Espainiakoak baino okerrago dauden bakarrak
Santanderrek, BBVAk, Caixabankek, Bankiak eta Popularrek 26.161 milioi euro behar dituzte birkapitalizatzeko eta Europar Batasunaren kapital baldintzak betetzeko.
Erredakzioa
Espainiako bost banketxe handienek (Santander, BBVA, Caixabank, Bankia eta Popular) 26.161 milioi euro behar dituzte birkapitalizatu eta Europar Batasunaren kapital baldintzak betetzeko. Greziak soilik behar du Espainiak baino diru gehiago, 30.000 milioi euro hain zuzen ere.
Europako Banketxeen Agintaritzak eman ditu datuok. 2012rako bankuen kalitate goreneko kapitala % 9ko izan behar dela erabaki du Europar Batasunak eta guztira 106.447 milioi euroko funtsa bilduko dute horretarako.
Europar Batasunak 70 banketxe handienak izan ditu kontuan horretarako, eta Espainiakoak Santander, BBVA, Caixabank, Bankia eta Popular dira.
Baldintza horien helburua Greziak zorra ez ordaintzeak sor dezakeen eraginaren aurrean banketxeak prest egotea da.
Azken asteotan Espainiako banketxeek kaudimen indar handia zutela babestu dute behin eta berriz, eta pentsatzen zuten Europar Batasunaren baldintzak beteko zituztela.
Gaur, EBren erabakiaren berri izan dute eta Gobernuko iturriek azaldu dutenez, birkapitalizaziorako horrenbeste diru behar izatearen arrazoia banketxeen tamaina da, Santander eta BBVA Europako lehenengo eta laugarren banketxe handienak baitira.