Ekonomia -

Goi-bilera Bruselan

Euroguneak krisiari aurre egiteko 'ibilbide orria' adostu du

Hain zuzen ere, Greziako zorraren % 50 barkatzea, erreskate funtsa bilioi bat euroz hornitzea eta bankuak berriz kapitalizatzea hitzartu dute.

Jose Manuel Durao Barroso, gaurko bilera amaitutakoan. EFE
Akordioa eurogunean, krisiari aurre egiteko

01:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko buruzagiek akordioa lortu dute azkenik diru bateratuak historia osoan pairatutako krisi larrienari aurre egiteko. Hain zuzen ere, Greziako zorraren % 50 barkatzea, erreskate funtsa bilioi bat euroz hornitzea eta bankuak berriz kapitalizatzea hitzartu dute.

Akordioa zortzi orduko bilera baten ostean etorri da. Lau egunetan, bi goi-bilera egin behar izan dituzte, adostasunaren bila.

Puntu gatazkatsuena bankuek Greziari 100.000 milioi euroko zorra barkatzea zen, borondatez hala onartu ezean, herrialdeak porrot egingo baitzuen eta hedatze-uhinaren ondorioak gordinak izango baitziren.

Azkenean, baina, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak agerraldia egin du 04:30ean (Euskadiko ordua), eta akordioa lortu dutela iragarri du.

"Gaur, euroguneko kideok pauso handia eman dugu. Salbuespen neurriak dira, salbuespen garaietan baikaude", esan du buruzagi portugaldarrak.

Orain, euroguneak 'ibilbide orri' hau aurkeztu ahal izango du G20 taldeak azaroaren 3an eta 4an Cannesen (Frantzia) egingo duen goi-bileran.

'Ibilbide orria'k hiru puntu ditu, merkatuetan konfiantza sustatzeko eta zorraren krisia beste herrialdetara hedatzea galarazteko.

Horietako lehena Greziarentzako beste erreskate plan bat izango da. 130.000 milioi eurokoa izango da eta, horrez gain, herrialdeak banku pribatuekin duen zorraren % 50 barkatuko diote.

Bigarrena Europaren erreskate funtsa handitzea izango da. Une honetan 440.000 milioi euro ditu, baina eraginkortasun txikia erakutsi du krisia konpontzeko.

Hemendik aurrera, bilioi bat euroz hornituko dute, eta azaleratu berrien parte-hartzeari ateak irekiko dizkiote, Txinari, kasu.

Azken puntua euroguneko bankuak berriz kapitalizatzea da, krisiaren aurrean osasuntsuago izan daitezen, porrot egiteko arriskurik gabe.

Hori horrela, 2012ko uztaila baino lehen % 9ko gutxieneko kapitaka izatera behartuko ditu Europako 70 banku nagusiak. Ondorioz, 106.000 milioi euro lortu beharko dituzte.

Diagnosi txarrena, Greziako bankuen ostean, Espainiako bost banku nagusiek -Santander, BBVA, Popular, Caixabank eta Bankia- izan dute, 26.000 milioi euro beharko baitituzte.

Oro har, berriz kapitalizatzeko prozesuetan murgilduta dauden erakundeek ezin izango dituzte mozkinak banatu.

Goi-bileraren azken agirian, euroguneko buruzagiek ongietorria eman diete Espainiak abiatutako erreformei eta Italiak aurkeztutako planei.

Nolanahi ere, hazkundea sustatzeko eta langabezia murrizteko helburuz, Espainiak esfortzu handiagoak egin beharko dituela ohartarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea