Ekonomia -

Finantza krisiagatik

Berkapitalizaziora arte dibidenduak ez banatzea proposatu du Barrosok

Gainera, Europako Batzordeko presidenteak erreskate funtsak 2012 urtearen erdialdean martxan jartzeko esan du, 2013ko uztailari itxaron beharrean.

Barroso Europako Batzordeko presidentea Letoniako presidenteari harrera egiten. Argazkia: EFE
Barroso Europako Batzordeko presidentea Letoniako presidenteari harrera egiten. Argazkia: EFE
Barroso Europako Batzordeko presidentea Letoniako presidenteari harrera egiten. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordearen presidenteak bankuek dibidenduak ez ordaintzea proposatu du berkapitalizazio bat gauzatu arte. "Nahiko dirudik ez duten bankuak berkapitalizatu egin behar dira. Bitartean, ezin izango da ez dibidendurik ez bonorik ordaindu", adierazi du Europako Parlamentuaren osoko bilkuran.

Halaber, Egonkortasunaren Europako Mekanismoa 2012 urtearen erdialdean martxan jartzea proposatu du, 2013ko uztailari itxaron beharrean.

Barrosok irismen sistematikoko bankuak identifikatzea, zorra izateko zenbateko arriskua duten ebaluatzea eta kapitalaren ehunekoa handitzea iradoki du. Horren ondoren, diru nahikorik ez duten bankuak berkapitalizatu egin beharko dira.

Berkapitalizazioa, Barrosoren hitzetan, finantzazio iturri pribatuak erabiliz egin beharko da, nahiz eta Gobernu nazionalek laguntza eskaini ahal izango duten, beharrezkoa izanez gero. Laguntza hori erabili ezin izango balitz, berkapitalizazioa Finantza Egonkortasunaren Europako Funtsaren bitartez finantzatu ahal izango litzateke.

Barrosok Greziari dagokionez "ekintza erabakigarria" eskatu du, bertako ekonomiaren iraunkortasunaren eta horri seigarren laguntza bat ematearen inguruan dauden zalantzak argitzeko.

"Erabaki bat behar dugu Greziari buruz, horren etorkizunaren ziurgabetasunak arriskuan jarriko duelako euroaren egonkortasuna, baina baita finantza sektorearena ere. Zalantza guztiak argitzeko unea da", nabarmendu du Europako Parlamentuaren osoko bilkuran, eta egonkortasunerako eta hazkunderako ibilbide-orria proposatu du bertan.

Laster heldu dira Europako finantza-erakundeen erantzunak Barrosoren proposamenen inguruan.

Alemania: "Proposamenak desegokiak dira" Michael Kemmer Alemaniako Bankuen Elkarteko zuzendariak asteazken honetan azaldu duenez, "Barrosoren proposamenak ezegokiak dira, zor subiranoaren egungo krisiaren arazoa konpontzen ez dutelako". "Proposamen hauek ezarriz gero, kapitala lortzeko legezko betebeharrak hondakin papera izango dira, behintzat aldi baterako", adierazi du Kemmerrek.

Alemaniako bankuen arabera, "baliteke dibidenduak banatzeko debekuak kontrako eragina izatea, merkatuan kapitala lortzeko aukera zailtzen duelako".

Espainia: "Barrosoren planak ezinegona eta anabasa sortzen du"

Espainiako bankuak Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearen proposamena kritikatu du, dibienduak erakundeak kapitalizatzeko zuzentzearena.

Espainiako Bankuen Elkarteko bozeramaile batek azaldu duenez, Durao Barrosoren adierazpenek ez dute "ezinegona eta anabasa" sortu besterik egin, eta, gainera, erakundeak susmo egoera larrian jartzea eragin dutela gaineratu du.

Erresuma Batua: "Gu inor baino lehen aritu ginen"

Ohar baten bidez Erresuma Batuko bankuek gogoratu dutenez, "finantza alorra moldatzeko erabaki arinak eta sakonak hartzen lehena" izan da Erresuma Batua.

"Gu inor baino lehen aritu ginen, era gardenean eta publikoan, eta horrek Erresuma Batuko bankuenganako konfidantza berreskuratzen lagundu zuen", azpimarratu du Angela Knight BBAko buruzagiak.

"Hau ez da bakarrik bankuen auzia, ekonomia guztiengan eragina duen auzia da eta ez bakarrik Europako bankuengan. Arazo nagusiena orain kutsadura da", gaineratu du Knigntek.

Austria: "Turbulentziei aurre egiteko prest"

Maria Fekter Austriako finantza ministroak baieztatu duenez, hiru aste darama Austriako Finantza Ministerioak bankuekin hitz egiten "balizko turbulentziei" aurre egiteko prest egoteko asmoz.

Fekterrek nabarmendu duenez, bankuak laguntzeko Estatuko funtsak 6.000 milioi euro ditu oraindik. "Zentzu honetan, Austriako bankuen egoerak ez nau kezkatzen, prest gaudela uste dut eta", esan du ministroak.

2008tik bi banku erosi behar izan ditu Austriako Gobernuak: Kommunalkredit eta Hypo Alpe Adria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea