Ekonomia -
Murrizketa gehiago
Greziak onartu egin du 'troikaren' helburuak ezin dituela bete
2011ko defizit publikoa (BPGren % 8,5) troikak erreskaterako jarritako muga baino (% 7,6) handiagoa da. Adostutako neurrien artean, 30.000 funtzionario kaleratzea dago.
Erredakzioa
Europar Batasunak eta Munduko Diru Funtsak defizita murrizteko jarritako helburuak ezin dituela bete onartu du Greziako Gobernuak. Igande honetan egindako Ministro Kontseiluan 2012ko aurrekontuen zirriborroa adostu dute, aurten eta datorren urterako 6.600 milioi euroko murrizketa gehigarriak aurreikusiz.
Beste neurri batzuen artean, 30.000 langile publikoren kaleratzea onartu dute, Gobernuko iturriek jakitera emandakoaren arabera.
Greziako Gobernuaren planak "erreserba federal bat" sortzea aurreikusten du funtzionarioei soldataren zati bat kentzeko, kanporatzearen urtebete lehenago. Erreserba horretan sartu nahi dituzte, hain zuzen, kaleratzeko asmoa dituzten 30.000 funtzionarioak.
Defizita eta 2012ko aurrekontua
Ministroen Kontseiluak ere 2012ko aurrekontuen proiektu orokorra onartuta, hurrengo pausoa proiektu hori Parlamentura eramatea da. Hori astelehenean egingo dutela azaldu du Ministerioak komunikatu oficial baten bidez.
Gainera, Finantza Ministerioak 2011ko defizit publikoa onartu dutela iragarri du, BPGren % 8,5, troikak erreskaterako jarritako % 7,6ko muga baino nabarmen handiagoa.