Ekonomia -
Bigarren eguna, Atenasen
'Troikak' funtzionario gehiagoren kaleratzea exijitu dio Greziari
Herstura neurriak gainbegiratzen ari diren nazioarteko ikuskatzaileek administraritza publikoko langile kopurua berehala txikitzeko exijitu diete agintariei. Atenasko kaleetan protestak dira nagusi.
Erredakzioa
Greziako Gobernuaren herstura neurriak gainbegiratzen ari diren nazioarteko ikuskatzaileek administraritza publikoko langile kopurua txikitzeko exijitu diete agintariei defizitaren murrizketaren helburuak betetzea lortzeko.
Greziako hainbat komunikabidek "troikak" Greziako funtzionaritza handia murrizteko eskatu dutela jasotzen dute.
"Eznos" egunkariak eta hainbat telebista katek diotenez, Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Naziarteko Diru Funtsak Greziari funtzionaritzaren % 3 berehala kaleratzeko exijitu diote, egun 900.000 langile daude Administraritza publikoan. Kaleratze horrekin 1.500 milioi euro aurreztuji lituzke 2012a arte.
Yorgos Papandreu lehen ministro greziarrak Ministro Kontseilua deitu du igandean urtebetez 30.000 funtzionario "erreserban" jartzea aurreikusten duen proiektua mahai gainean jarri eta aztertzeko. Epe horretan soldataren % 60 irabaziko lukete eta ondoren kaleratuak izango lirateke, berriro lanean hartzeko aukerarik ez badute.
Gobernua aztertzen ari den proiektu horrek zailtasun legalak eta konstituzionalak ditu, horrez gain, sindikatuen eta politikoen gehiengoaren oposizioa jaso du.
Europar Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren aurrean 2015a arte funtzionario kopurua % 30 murrizteko konpromisoa hartu zuten.
Protestak
Protestak "troika"ko ikuskatzaileen lana oztopatzen ari dira. Atenasko kaleetan egunero dago manifestazioren bat.
Atzo, esaterako, Finantza Ministeritzan egitekoa zen bilera ezin izan zen burutu, dozenaka funtzionariok eraikinerako sarrera blokeatu bait zuten eta batzarra lehen ministroaren bulegoetan egin behar izan zuten azkenean.
Gaur ere, ikuskatzaileek Garraio ministroarekin zuten zita atzeratu egin dute. Protestak direla eta arratsaldean Administraritza Publikoko ministroarekin duten bileraren ordua eta tokia ez dituzte jakinarazi agintariek.
Grezia erdiguneko kaleak blokeatuta daude murrizketen eta erreformaren inguruko haserrea erakutsi nahi dutenen protestak direla eta.
Bilerak, Varsovian eta Parisen
Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroak eta Herman Van Rompuy Europako Batzordeko presidenteak Greziako egoera ekonomikoaz eta euroguneko lidertek egingo duten datorren bileraz hitz egin dute gaur Varsovian.
Arratsaldean, berriz, Papandreuk Parisera egingo du bidaia Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin biltzeko.
Hainbat iturriren arabera, Van Rompuyk eta Greziako lehen ministroak "Greziako egungo egoera ekonomikoa" aztertu dute eta Eurotaldeko Estatuburuek eta Gobernuburuek egingo duten hurrengo bilerako prestakizunez ere hitz egin dute. Gaur jakinarazi dute, hain justu, goi bilera urriaren 17an eta 18an egingo dutela.
Europako Batzordeko presidenteak, besteak beste, txanpon bakarra duten 17 lurralderen fiskalitatearen integrazioa, elkarlana eta komunikazio metodoak eta euroguneko erakundeak indartu nahi ditu.