Ekonomia -

Krisia eurogunean

Alemaniako Parlamentuak onartu egin du erreskate funtsa handitzea

Erreforma honekin, euroguneak dirua eman ahalko die arazotan dauden herrialdeei, eta zor publikoa erosteko dirua ere izango dute.

Angela Merkel, Alemaniako Parlamentuan. Argazkia: EFE.
Alemaniako Parlamentuak onartu egin du erreskate funtsa handitzea

01:05

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Parlamentuak onartu egin du, gehiengo osoz, euroaren erreskate funtsa handitzea. Orotara 523 boto alde izan dira, 85 aurka eta 3 abstentzio.

Bozketa egin baino lehen, eztabaida beroa egin dute Ganberan. Gobernuko alderdiak (kristau-demokratak -CDU-, sozial-kristau bavariarrak -CSU- eta liberalak -FDP-) eta oposizioako sozial-demokratak eta berdeak erreformaren alde agertu dira, baina ezkertiarrak eta CDU-CSU alderdietako diputatu batzuk, aldiz, aurka.

Finantza eta Ekonomia ministroek eztabaidan parte hartu behar izan dute, euren alderdien barruan aurka zeuden diputatuak baretzen saiatzeko.

Alemaniarekin batera, 11 dira dagoeneko eurogunean erreforma babestu duten herrialdeak. Aldez aurretik, Espainiak, Belgikak, Frantziak, Greziak, Irlandak, Italiak, Luxenburgok, Portugalek, Esloveniak eta Finlandiak egin zuten.

Funtsa 2010ean sortu zuten, eta aurtengo ekainaren 24an handitu egin dute. Guztira 780.000 milioi euro ditu, baina herrialdeei laguntzeko benetako ahalmena 440.000 milioikoa da.

Alemaniaren kasuan, 123.000 euro ematen zituen funtsean, baina orain 211.000 eman beharko ditu, hots, bere Aurrekontu nazionalen bi heren.

Erreforma honekin, funtsak dirua eman ahalko die arazotan dauden herrialdeei, eta salbuespen kasuetan, bono nazionalak erosteko aukera ere izango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea