Ekonomia -

Krisia Grezian

'Troika'-rekin egindako lehen bilera 'positiboa' dela dio Venizelosek

Troika Atenasera itzuli da Europak exijitutako murrizketak betetzen ari diren egiaztatu eta urrian porrota ekiditeko Greziak behar dituen 8.000 milioi euroko laguntzak desblokeatu edo ez erabakitzeko.

Troikako kideen iritsiera. Argazkia: EFE
Troikako kideen iritsiera. Argazkia: EFE
Troikako kideen iritsiera. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Finantza ministroak, Evangelos Venizelosek esan du "troika"ko buruekin egindako lehen bilera "positiboa eta emankorra" izan dela.

"Greziako herritarrek, hartu diren neurri zorrotzen ostean egiten ari diren sakrifikazioak, oso giro positiboan onartzen ari dira eta oso pozik nago" esan du Venizelosek Troikarekin (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) egindako lehen bileraren ostean.

Greziak lehen laguntzen truke hartutako doitze neurriak eta erronkak ongi betetzen ari direla gainbegiratuko dute Troikako kideek. Azterketa honen ondoren, Greziak urrian beste 8.000 milioi euro jasoko dituen ala ez erabakiko duen txosten bat idatziko dute.

"Troikaren (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta NDF) erabakia Greziako agintariek iragarritako azken neurrien harira dator. Neurriak urrats garrantzitsua dira 2012ko helburu fiskalak bete eta Greziako finantzak jasangarriak izan daitezen", azaldu du Amadeu Altafaj Gai Ekonomikoetako bozeramaileak.

Euroguneko ekonomia ministroek ezohiko bilera egingo dute urrian, Greziako egoera hizpide.

EBko eta NDFko ikuskatzaileak irailaren hasieran joan ziren Atenasetik. Orduan, Greziako Gobernuaren neurriak 2011ko eta 2012ko defizit helburuak betetzeko nahikoak ez zirela ondorioztatu zuten.

Harrezkero, Greziako agintariek bizkortu egin dituzte erreformak, eta beste hainbat neurri adostu dituzte, higiezinentzako tasa bat, kasu.

Protestak

Ehunka manifestarik Greziako hainbat Ministeriotako sarrerak blokeatu dituzte, 'troikak' egingo duen bidaia baino ordu batzuk arinago.

Ekonomia Ministerioko 200 bat langilek elkarretaratzea egin dute eraikinaren atarian, "Hartu zure erreskatea eta alde" lelopean. Manifestariek Poliziari ohartarazi diotenez, euren helburua Evangelos Venizelos Ekonomia ministroa troikako ikuskatzaileekin ez biltzea da.

Halaber, dozenaka manifestarik Barne, Justizia, Osasun eta Nekazaritza Ministerioetako sarrerak blokeatu dituzte.

Papandreouren eta Sarkozyren bilera

George Papandreou lehen ministro greziarra Parisera joango da bihar Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin euroguneko krisiaz hitz egiteko.

"Lehen ministro greziarra ziurrenik bihar bilduko da Parisen Sarkozyrekin euroguneko zorraren krisiaz eztabaidatzeko", adierazi dute iturri ofizialek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea