Ekonomia -

Finantza-krisia

Grezia 'indartsu' bat defendatu dute Merkelek eta Papandreuk

'Troika' "laster" Atenasera itzuliko dela ziurtatu du Bruselak, baina ez du data konkretutik eman.

Papandreu Merkelekin bildu da Greziak ezarritako neurriak azaltzeko

01:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Georgeos Papandreu Greziako lehen ministroak eta Angela Merkel Alemaniako kantzelariak Grezia defendatu dute gaur. Greziak behar duen laguntza jasotzeko, nazioartearen irizpena jarraitzeko konpromisoa errepikatu du Papandreuk. Bestalde, Grezia "indartsu" bat bilatzen ari dela ziurtatu du Merkelek, eta hori lortzeko eskura duen guztia egingo duela adierazi du.

Bien bitartean, Europar Batasuneko (EB), Nazioarteko Diru Funtsako (NDF) eta Europako Banku Zentraleko (EBZ) ikuskatzaileak "laster" Atenasera itzuliko direla ziurtatu du Bruselak, baina ez du data konkreturik eman.

Gainera, Barack Obama AEBetako presidentearen adierazpenak kritikatu dituzte euroguneko agintariek. "Krisiaren benetako jatorria alde batera utzi du Obamak", esan du Jean Claude Juncker euroguneko presidenteak.

Europako herrialdeen babesa eskatu du Papandreuk, eta Greziak nazioartearen laguntza jasotzeko markatutako helburuak lortzeko konpromisoa duela berretsi du. Are gehiago, 2012rako defizita ezabatuko duela esan du Greziako lehen ministroak. Bestalde, Grezia "indartsu" bat nahi duela esan du Merkelek.

Alemaniako enpresaburuekin bilera

Agintariak Alemaniako enpresaburuen talde batekin bildu dira eta mezu horiek errepikatu dituzte. "Greziarrak borroka egin eta hazkundera itzuliko garela zin egiten dut, atsekabe epe hau atzean utziz", adierazi du Papandreuk. "Greziak konfiantza berreskuratzeko beharrezko laguntza guztia emango du Alemaniak", esan du Merkelek.

Europako ekonomia ez dago prest susperraldia ahalbidetzeko egistamo berriak martxan jartzeko, Merkelen ahotan. Esportazioen superabita izateagatik EBk zigorrik jarriko ez duela bermatu du kantzelariak. Gainera, Basilea IIIko akordioak ezartzeko eskatu die AEBei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea