Ekonomia -
Erantzuna Obamari
Juncker: 'Ez dut AEBen lekziorik onartuko'
Greziak bezala arazoak dituzten herrialdeak eurotik ateratzearen "kontra" dagoela esan du euroguneko presidenteak, "horrek ez baititu arazoak konponduko".
Erredakzioa
"Ez dira Greziako langabetuak ez eta Irlandako langileak LehmanBrothersen porrota eragin dutenak, eta ez dut Atlantikoaren bestealdetik eman dizkiguten lekziorik onartuko" adierazi du Jean Claude Juncker euroguneko presidenteak, AEBk esan dutenari aipamena eginez.
Greziak bezala arazoak dituzten herrialdeak eurotik ateratzearen "kontra" dagoela esan du Junckerrek.
"Herrialde batek edo bik eurogunea uztearen kontra nago erabat" esan du, "horrek ez baititu arazoak konponduko, areagotu baizik". Eurogune osoari kaltetuko liokeela uste du eta arrisku garrantzitsuak ekarriko lituzkeela.
Grezia, Irlanda edo Portugal ez direla arazoa berretsi du, eta euroguneko partaide direla gogoratu du. "Euroguneko herrialdeei interesatzen zaie, ahuelenei eta indartsuenei ere, edukian eta geografian koherentzia mantentzea", adierazi du Junckerrek.
Hauteskundeen ostean Espainiak doitze neurriak mantentzeko eskatu du
Ez du datorren azaroaren 20ko hauteskundeetan presidente izango denari inongo aholkurik eman nahi izan, baina irabazten duenak irabazten duela, neurriak mantendu behar direla adierazi du.
"Ez dut sendotze neurriak bertan behera gelditzea nahi" esan du Junckerrek. Espainiak, Euroguneko beste herrialdeek Espainiak hartzea nahi zituzten neurriak hartu dituela esan du, eta mantenduko ez direla pentsatzeko ez dagoela inongo arrazoirik gaineratu du.