Ekonomia -
Finantza krisia
Merkelek krisiari aurre egiteko neurri osagarriak baztertu ditu
Papandreuk, berriz, diru laguntzak etorkizunerako inbertsio bat direla esan du Berlinen. Bi agintariek bilera egingo dute arratsaldean, Greziako krisiaren aste erabakigarrienean.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak zorraren krisiari aurre egin eta eurogunearen bermatzeko neurri osagarriak baztertu ditu. Merkelek adierazi duenez, "ez gaude horrelako ekimen berriak bideratzeko egoeran". Alemaniako Industriaren Egunean, egin ditu adierazpen hauek, bertako enpresariekin egindako ekitaldi batean. Merkelekin batera Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroa izan da.
Bankuen eta merkatuen sektorea nahikoa ez erregulatu izana deitoratu du Merkelek. Halaber, Alemaniak eta Frantziak Konstituzioetan defizita mugatzeko egindako apustua goraipatu du Espainiaren kasua aipatu du.
Papandreuk ere hitz egin du Alemaniako Industria Konfederazioan, Berlinen, Greziako eta Alemaniako buruzagien arteko bilera hasi baino ordu batzuk lehenago.
Bertan, bere herrialdeko ekonomia eta finantzak suspertzeko euroguneko herrialdeen laguntza etorkizunerako inbertsioa dela eta Europar Batasun osoari mesede egingo diola adierazi d.
"Ez da iraganeko hutsen inbertsioa, etorkizuneko lorpenena baizik", esan du Papandreuk Alemaniako Industriaren egunean bildu diren enpresarien aurrean. "Harturiko konpromiso guztiak beteko ditugu" berretsi du. "Lortu dezakegu. Krisia aukera batean bilakatu dezakegu. Greziarrek lortzeko ahalmena dugu", esan du.
Grezia eta Alemania arteko bilera, arratsaldean
Arratsaldean Merkelek eta Papandreuk bilera egingo dute. Joan den igandean Finantza ministroak, Angelos Venizelosek, Washingtoen iragarri zituen Papandreuren Gobernuak harturiko neurriak aztertuko dituzte.
Troikak, EBZ (Europako Banku Zentrala), NDF (Nazioarteko Diru Funtsa) eta EB (Europar Batzordea) Atenasera bueltatzea erabakitzen duen bitartean egingo da bilera.
Greziaren gaineko nazioarteko presioak ez du etenik. Izan ere, troikaren txostenaren ondorioek dute hurrengo laguntzen desblokeoaren gakoa, Greziarentzat ezinbestekoa soldatak ordaintzen jarraitu ahal izateko.