Ekonomia -
Finantza krisia
Brusela euroguneko erreskatea handitzea aztertzen ari da
Albiste horrek burtsen igoera eragin du, eta Europako indize garrantzitsuenek igoera handiak dituzte. Jarraitu burtsaren bilakaera.
Erredakzioa
Olli Rehn Europar Batasuneko Ekonomia gaien komisarioak adierazi duenez, Brusela, AEBek eskatu bezala, zorra duten herrialdeetarako 440.000 milioi euroko erreskate funtsa indartzea aztertzen ari da.
Europako bankuen krisi berri baten kontrako ohartarazpena ere egin du Olli Rehnek eta finantza erakundeen kapitala indartzea beharrezkoa dela adierazi du kredituen krisiari aurre egin ahal izateko edota atzeraldia sahiesteko. "Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsa indartzea pentsatzen ari gara", adierazi du Rehnek Alemaniako Die Welt egunkarian, baina ez du xehetasun gehiago eman.
Horren inguruan BBC Erresuma Batuko telebista kateak jakitera eman duenez, laguntza fondoa bi billoi eurorarte handitzea aztertzen ari dira Europako Gobernuak, hau da, orain arteko kopurua lau bider handitzea pentsatzen ari dira.
Europako Batzordetik, berriz, Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsa handitzearen eta erabilera hobea ematearen inguruan eztabaidatzen ari direla aitortu dute, baina, kopuruez edota indartzeko jarraitu beharreko ereduez hitz egitea "goiztiarra" eta "arduragabekeria" dela azpimarratu dute.
"Europako Batzordea aztertzen ari da. Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsaren finantzazioa handitzea da eztabaidatzen ari garen gaietako bat", adierazi du Amadeu Altafaj Europako Ekonomia eta Moneta gaietarako bozeramaileak eguneroko prentsaurrekoaren ostean.
Arrisku saria
Albiste horrek Espainiako arrisku sariari ere eragin dio, 352 puntutik 332ra jaitsi da.