Ekonomia -
Aurrezteko neurri gehiago
Greziak funtzionarien kopurua eta erretiro-pentsioak jaitsi ditu
Gobernuak higiezinen jabeei zerga ezarriko die, zerga sistema aldatuko du, eta soldata sistema berri bat jarriko du; halaber, pribatizazioak bultzatuko ditu ekonomia laguntzeko plana betetzeko.
Erredakzioa
Greziako Gobernuak aurrezteko neurri gehiago onartu ditu gaur, defizita murrizteko eta Europar Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren eskakizunak betetzeko; besteak beste, erretiro-pentsioak jaitsi eta funtzionarien kopurua murriztuko ditu.
Greziako Gobernuak agiri batean jakinarazi duenez, Kontseiluen Ministroak sei orduko bilera baten ostean onartu ditu neurri horiek; besteak beste, 30.000 funtzionarik erretiro edo kaleratze aurreko talde batean sartuko dira, eta 1.200 euroko erretiro-pentsioa jasotzen dutenek % 20 pentsioaren % 20ko murrizketa izango dute.
Bestalde, 55 urte baino gutxiago dituzten erretiratuek beren erretiro-pentsioen % 40 galduko dute, eta higiezinen jabegoari metro karratuko 0,50 eta 16 euro arteko zerga ezarriko dio, 2014aren urtarrilaren 1era arte.
Halaber, zerga sistema aldatuko dute eta 5.000 euro irabazten dituztenek zergak ordaindu beharko dituzte. Orain arte errentaren aitorpena 8.000 euroan ezarrita zegoen.
Sektore publikoan soldata sistema "gardena, fidagarria eta bidezkoa" ezarriko dute. Zenbait analistaren arabera, % 15 jaitsiko dituzte funtzionarien soldatak.
Halaber, enpresa eta erakunde publikoen pribatizazioak bultzatuko dituzte, eta taxien, farmatzien, abokatuen edo notarioen sektoreen monopolioari amaiera emango diete lan-merkatua liberalizatzeko.
Gobernuaren arabera, neurri horiekin "2011 eta 2012ko zerga helburuak beteko" dituzte.