Ekonomia -
Finantza-erreskatea
'Troika' Greziara itzuliko da datorren astearen hasieran
EBko, NDFko eta EBZko ordezkariek Greziako lehen ministroarekin elkarrizketa telefonikoa jarraitu dute astearte honetan eta "aurrerapauso onak" eman dituzte.
Erredakzioa
Europako Batzordeak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Banku Zentralak osatutako troika Atenasera itzuliko da datorren astearen hasieran. Erreskatearen truke Greziako Gobernuarekin adostutako erreformak eta herstura programaren aplikazioa bosgarren aldiz aztertuko dute EBko, NDFko eta EBZko ordezkariek.
Greziak erreskatearen seigarren laguntza tartea jasotzeko "aplikatu beharreko politiken inguruan eztabaidatzeko eta egitasmoa aztertzen jarraitzeko misioa Atenasera bueltatuko da datorren astean", Europako Batzordeak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez. 8.000 milioi euroko diru-laguntza tartea jaso behar du Greziak.
Troika-ko ordezkariek Evangelos Venizelos Greziako lehen ministroarekin elkarrizketa telefonikoa jarraitu dute astearte honetan eta "aurrerapauso onak" eman dituzte, EBko Exekutiboaren esanetan. Elkarrizketa telefonikoa astelehenean hasi zuten.
Elkarrizketak Atenasen
Horrela, herstura egitasmoaren, erreformen eta pribatizazioen inguruko elkarrizketa teknikoek "Atenasen jarraituko dute datozen egunetan", Europako Batzordeak azaldu duenez.
Troika-ko buruzagiek irailaren 2an Atenasetik alde egin zuten, programaren aplikazioaren inguruko txostenik egin gabe. Greziako Gobernuak beharrezko esfortzua egin ez zuela argudiatu zuten buruzagiek.