Ekonomia -
Elkarrizketa telefonikoa
Sarkozy eta Merkel: 'Greziak euroan jarraituko du'
Ekonomia onbideratzeko beharrezkoak diren herstura neurriekin konpromisoa berretsi du Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroak.
Erredakzioa
Greziaren etorkizuna eurogunean dagoela "sinetsita daude" Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzelaria. Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroarekin elkarrizketa telefonikoa izan dute gaur.
"Sinatutako konpromiso guztiak" aplikatzeko beharrezko neurri guztiak hartzeko "ausardia" du Greziako Gobernuak, Papandreuren hitzetan.
Alemaniako kantzelariaren eta Frantziako presidentearen babesa jaso du Papandreuk eta Ekonomia onbideratzeko beharrezkoak diren herstura neurriekin konpromisoa berretsi du.
Uztailean adostutako neurriak betetzea
Eliseoko Jauregiak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez, "Greziako ekonomia onbideratzeko programa irmo aplikatzea garrantzitsua" dela esan diote Papandreuri Sarkozyk eta Merkelek, "euroguneko estatuek eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) babestu baitute".
Greziari krisi ekonomikoa gainditzen laguntzeko erreskatea adostu zuen euroguneak uztailaren 21ean, baina baldintzak bete behar ditu Atenasek "programako diru-laguntzak jasotzen jarraitzeko".
Hiru buruzagiek izandako elkarrizketa telefonikoan, uztailean "hartutako erabakiak aplikatzea ezinbestekoa" dela azpimarratu dute Sarkozyk eta Merkelek, "euroguneko egonkortasuna bermatzeko".
"Greziako ekonomiak hazkunde orekatu eta jasangarri bat izateko programako konpromisoak aplikatzea ezinbestekoa da", adierazi du komunikatuak. "Greziako ekonomia onbideratzeko planaren arrakastak eurogunearen egonkortasuna sendotuko du", erantsi du.