Ekonomia -
Zor tituluen proposamena
Eurobonoei emandako 'ezetza' azpimarratu du Alemaniak
Barrosok amankomuneko zorra tituluak aurkezteko proposamena egin badu ere, "eurobonoaren aukerari ezetz esaten diogu eta hau da Alemaniako Gobernuko jarrera", adierazi du Philipp Röslerrek.
Erredakzioa
Jose Manuel Durao Barroso Europar Batzordeko presidenteak proposatutako eurobonoaren aukerari Alemaniak "ezetza garbia" eman diola azpimarratu du asteazken honetan Philipp Rösler Alemaniako Ekonomia ministroak.
Erroman emandako prentsaurreko batean, Paolo Romani Garapen Ekonomikoko ministroarekin izandako bileraren amaieran, Röslerrek adierazi duenez, "merkatuak Italiaren kontra egiten ari diren erasoa" eurogune osoari egingo balioke bezala hartzen du Alemaniako Gobernuak. "Espresuki ezez esaten diet eurobonuei eta hau da Alemaniako Gobernu federalaren jarrera", azaldu du Alemaniako Ekonomia ministroak.
Silvio Berlusconiren Gobernuak aurkeztutako 54.000 milioi euroko herstura planari dion "begirune osoa" nabarmendu du Röslerrek. Plan hura asteazken honetan onartuko du Italiako Parlamentuak, 2013rako kontu publikoen oreka helburua lortzeko.
"Doitze plan garrantzitsu honek mahai gainean jarri du gure txanponaren indarra era egonkortasuna bermatzeko guztiok dugun interesa", azaldu du Alemaniako kantzelariordeak.
Alemaniako Ekonomia ministroak esan duenez, asteazken arratsaldean, merkatuak itxi ostean, Angela Merkel kantziler alemanak, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak eta Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroak telefono konferentzia izango dute.
Röslerren arabera, hizketaldi horretan "Greziako Gobernuari seinale argi bat emango zaio agindutako erreformak gauzatzeko" , pribatizazioetatik hasita.