Ekonomia -
Euskal kutxen bat-egitea
Bildu 'kutxa publikoen gidari' bihurtu izana salatu du Urkulluk
EAJko presidentearen ustez, "bat-egite prozesuaren aurrean, orain ez gara poztuko Bilduk ez dakit zer esan duelako edo esan ez duelako".
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak gaitzetsi egin du “(kutxak) banku ez bihurtzearen edo kutxak eta bankua (hirugarren batzuk sartzea edota Burtsara ateratzea ezinezko bihurtuta) publiko izaten jarraitzearen erantzule” bere burua izendatu izana Bilduk.
Horrela mintzatu da Urkullu BBK, Kutxa eta Vital kutxetako kudeatzaileek asteartean Bildurekin lortutako akordioaren inguruan, Kutxa Bank sortuz hiru erakundeen bat-egitea ontzat eman ostean koalizio abertzaleak.
Forum Europa-Tribuna Euskadin egindako agerraldian, hiru erakundeetako profesionalen "esfortzua" goraipatu du Urkulluk, eta Bilduk aipatu dituen horiek kutxetako presidenteek euren artean lortu zuten akordioan landu zituztela nabarmendu du.
"Bat-egite prozesu horri begira, azken fasean gaude kutxetako batzarrekin", azpimarratu du, "baina aurretik lana egon da". "Bat-egite prozesuaren aurrean, orain ez gara poztuko Bilduk ez dakit zer esan duelako edo esan ez duelako", gaineratu du. Halaber, "hausnarketa egin beharko dugu, izan ere, litekeena da Bilduk baietza ematea erabat erratuta zegoela aitortu duelako".
Horrez gain, “pentsatu egin beharko da Bildu zegoen lekutik dagoen lekura erabat okertuta zegoela onartu ondoren iritsi den”, eta “EAJk gizarte ekintzaren aurrean duen konpromiso ezaguna ez da kutxetako presidenteek Bilduri azaldu dioten ezertan aldatu”, erantsi du.
"Larrialdiei aurre egiteko neurririk gabe"
Urkulluren arabera, astearte gauean telefonoz hitz egin zuen berriz ere Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin, gaur egungo egoera ekonomikoaz kezka agertzeko; izan ere, “Gobernua larrialdi gehiagori aurre egiteko kartutxorik gabe geratu da” eta gaur egungo ezegonkortasunari aurre egiteko “neurririk gabe”.
Urkulluk nabarmendu duenez, EAJk PPrekin “komunikatzeko bideak berreskuratu ditu”, baina Espainiako Presidentetzarako PPren hautagaiak, Mariano Rajoyk, hauteskundeak irabazten baditu, PPk Jose Maria Aznarren garaian EAJrekin eta Euskadirekin ireki zituen “zauriak itxi eta osatu beharko ditu, egungo egoerak erakunde eta alderdien artean eskatzen duen ituna lortzeko bidean aurrera egiteko”.