Ekonomia -
Saio hasiera
Galera handiak Europako burtsetan, Greziaren porrotaren beldur
Burtsa nagusiek % 3 inguruko galerak dituzte. Greziak aitortu egin du ezingo dituela soldatak eta pentsioak ordaindu urritik.
Erredakzioa
Europako banku nagusiak galera handiak izaten ari dira burtsetan, Greziaren balizko porrotaren ondorioz.
11:30ean, burtsa guztiek galera handiak zituzten, batik bat Frantziakoak, The Wall Street Journal egunkariaren arabera Moody's agentzia herrialde horretako kalifikazioa jaistea aztertzen ari baita.
Gainerako merkatuei dagokienez, Madrilek % 3,18 egin du behera, Frankfurtek % 3,05 eta Londresek % 1,70.
Galera handienak Frantziako bankuak izaten ari dira: BNP Paribas % 11,9 jaitsi da, Credit Agricole % 9,7, Societe Generale % 9,25 eta AXA aseguru-etxea % 10,1.
Eurostoxx 50 adierazlean dauden banku espainiarrei dagokienez, BBVA % 5 jaitsi da eta Santander % 4,5.
Astelehen honetan, Greziako Gobernuak aitortu du urritik aurrera ezingo dituela ordaindu soldata eta pentsio publikoak.
Europako Batzordeak hilabetea bukatu baino lehenagorako espero du Bruselako, Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) eta Europako Banku Zentraleko adituen ebaluazioa.
Aste honetan, NDFren eta Greziaren arteko hartu-emanen eta euroguneko eta AEBetako inflazio datuen zain egongo dira inbestitzaileak.